Lezoko Udalak Poesia Kaia egitasmoa burutuko du aste honetan, gaurtik larunbatera arte. Aurten, berrikuntza gisa, Aurelio Aguirre Galarraga galiziar poeta omentzeko ekitaldiak antolatu dira. Maria Josefa Galarraga lezoarraren semea zen.

Izan ere, gaur 19.00etan Kultura Aretoan Adolfo Muinosek, Rianxoko alkate ohia eta pedagogoak, Aurelio Aguirre Galarraga galiziar poeta handiaren inguruko hitzaldia eskainiko du.

Bihar, 19.00etan Gezala Auditoriumean, Euskadi-Galizia errezitaldi musikatua izango da. Errezitatzaileak Antton Kazabon idazle oiartzuarra eta Xosé Estévez historialaria izango dira. Batak euskaraz irakurriko du eta besteak, galegoz. Aurelio Aguirre, Rosalía de Castro, Antton Kazabon eta Lander Zurutuzaren poemak errezitatuko dituzte. Musika Suo-Gân taldeak jarriko du.

Ostegunean, 19.00etan Kultura Aretoan, Aurora Luquek (2022ko Poesia Sari Nazionala) eta Maite Lopez de las Herasek, Safo poetaren euskaratzaileak eginiko hitzaldi-errezitaldia eskainiko dute.

Egitarauarekin amaitzeko, azaroaren 25ean, larunbatean, 19.00etan Gezala Auditoriumean, lau olerkari entzutetsuren eta musikari baten errezitaldia entzuteko aukera egongo da.