Gabonak geroz eta hurbilago daude. Oiartzungo Udalak herria nola apaindu pentsatzen hasi da. Egun horietan, ilundutakoan pizten diren argiak izaten dira apaingarrien oinarria. Alabaina, aurten ohitura hau aldatu eta herria auzolanean eta material naturalekin edertuko dute.

Hortaz, Oiartzungo kaleak elkarlanean eta modu jasangarrian eder-tzeko ekimena egingo dute lehen aldiz Oiartzungo Udalak, herriko sortzaileek, ikastetxeek eta Abaraxkak eta apaingarri bereziak jarriko dituzte herriko txoko askotan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “sormena eta irudimena erabiliaz dekorazio originala, polita eta jasangarria sortu nahi dugu elkarlanean, argi gutxiago erabiliz eta egunez ere gabon giroaz gozatzeko”.

Izan ere, aste honetatik urtarrilaren 7ra Doneztebe plaza eta inguruko kaleak koloreztatzeko proposamena diseinatu dute herriko gazte sortzaileek. Material naturalak eta birziklagarriak erabiliko dira txoko ezberdinak jazteko: adarrak, hostoak, morkotsak, oihal zatiak, sokak, artilea…

Artistek pentsatu dituzten apaingarriak elkarlanean landu eta osatu nahi dituzte orain Udalak eta herriko ikastetxeek eta eragileek. Horretarako bi hitzordu antolatu dituzte.

Horiek horrela, bihar jarri dute lehenengo hitzordua. 9.30ean Doneztebe plazan elkartuko dira inguruko lorategi eta basoetan materiala jasotzera joateko. Oiartzuar denak animatu dituzte materiala biltzera. Bildutako guztia Doneztebe plazara eraman beharko da 12.30ean. “Larunbatean bertan edo aurretik ere koadrilan edo norbere kabuz mendira joaten direnek ere animatu nahi ditugu, ahalik eta material gehien jasotzeko”, adierazi dute herriko sortzaileek.

Bigarren deialdia hilaren 24an izango da. Egun horretan jasotako materialarekin prestatuko dituzte apaingarriak, 17.00etan Kontzejupean.

Zuhaitza

Landuko dituzten apaingarrien artean, besteak beste, egur xaflekin egindako zuhaitz handi bat jarri nahi dute herriko plazan.

Etxeetan soberan dauden apaingarriekin bete nahi dute zuhaitza. “Etxe askotan egoten dira dagoeneko erabiltzen ez diren bola eta apaingarriak. Datozen egunetan Abaraxka udal ludotekara eramateko eskatu nahi diegu herritarrei, hauek berrerabili eta guztion artean oiartzuarron arbola sortzeko”, aditzera eman dute idei honen suspertzaileek.