Iazko arrakastaren ondorioz, Hernaniko Udalak, liburutegiak eta herriko komikigileek bigarren urtez HernaniKomik azoka eta jaialdia antolatu dute. Euskarazko komikigintzari protagonismoa ematen dion ekitaldia izango da. Hilaren 17 eta 18an ospatuko da Atsegindegin.

Ainara Aiestaranek, liburutegiko arduradunak, atzoko aurkezpenean aditzera eman zuenez, egun osoko azoka izango da bi egunetan eta hamar postu egongo dira bertan euskal komikigintzaren nobedadeen erakusleiho izango direnak.

Arratsalde partean, komiki aurkezpenak izango dira nagusi. Guztira bederatzi lan berri aurkeztuko dituzte egileek. Tartean, sortzaile hernaniarrek ere parte hartuko dute. Aiestaranek esan zuenez, aurtengoa oso urte oparoa izan da komikigintzari dagokionez.

Gainera, ikasleentzako komiki tailerra ere zuzenduko du Ainara Azpiaxu Axpik, Hernaniko Institutuko DBH 2. mailako ikasleekin. Zuzenean marrazteko saioak ere izango dira.

Bestalde, urtero komikigile bat omendu nahi da. Aurten Juan Luis Landa errenteriarrak jasoko du Joseph Camino saria. 40 urteko ibilbidea egin du komikigintzan. Ipurbeltz, Gabai edota Irati gisako komiki ezagunen atzean dago Landa. Ilustrazio eta marrazki bizidunen munduan ere aritutakoa da. Nazioartean errekonozitutako egilea da.

Gainera, aurten nobedade gisa, hilaren 17tik 30era bere lanen erakusketa ikusgai izango da Biteri kultur etxean. Era berean, Landaren Orreagako kronikak abiapuntu hartuta, udal liburutegian komiki erakusketa bat atonduko da, Wasconicam perfidiam izenburupean, Orreagako guduaren inguruan marraztu diren lanak biltzeko.