Zarauzko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana prestatzen ari da eta, behin onartuta, 2023-2027 urte bitarteko indarraldia izango du. Helburu nagusia udalerrian euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da. Horretarako zarauztarren laguntza ezinbestekoa da: “herritarron nahiz eragileon ikuspegia, iritziak eta ekarpenak bertan jasotzea”.
Euskara departamentuak maia- tzean sei bilera egin zituen hainbat arlo esanguratsuetan lan egiten duten eragileekin. “Bilera horietan aisialdia, kirola, hezkuntza, ostalaritza, merkataritza eta euskalgintza bezalako arloetako 25 lagunek hartu zuten parte. Nork bere arloan eta egunerokoan euskara sustatzeko izaten dituen aukerez eta zailtasunez hitz egin zuten. Gure herrian euskarak duen egoera aztertu, ondo egindakoak eta hobetzekoak identifikatu eta aurrera begirako lan ildoez aritu ziren”, azaldu zuen Irune Urbietak (EAJ-PNV), Euskara zinegotzia.
Gainera, horrez gain, zarauzko herritarren artean bi galdetegi zabaldu ziren. Lehenengoa herritarren- tzat izan zen, oro har, eta bigarrengoa gazteei zuzendua egon zen. “Zorionez, erantzun kopurua bereziki arrakastatsua izan da gazteen artean”, adierazi zuen Urbietak.
“Jasotako erantzunetan egindako ekarpenak euskararen biziberritzearen alde zarauztarrok dugun sentiberatasuna erakutsi digute. Orain, elkarrizketa haietako ekarpenak eta herritarren artean egindako inkestetan bildutakoak partekatu nahi ditugu zarauztarrekin”, jarraitu zuen Urbietak.
Bertan Turismoak eta Inmigrazioak euskararen normalizazioan duten eraginez ere hausnartuko dute, gaur egun zarauzko herrian hain garrantzitsu diren bi arlo horiek izan dezaketen eraginaz.
Gauzak horrela, udalak, azaroaren 7an arratsaldeko 19.00etan Etxezabalako bilera gelan egingo den bilerara gonbita egiten die zarauztarrei. Bilera horren helburua datozen urteetan euskararen erabilera sustatzeko lan ildoak adostea izango da eta zenbat eta parte hartze zabalagoa izan, orduan eta “biziagoa eta eraginkorragoa izango da planaren eragina”.
Zarauzko Udalak adierazi du bileraren antolaketa errazte aldera, parte hartzea www.zarautz.eus webgunean aurki daiteken galdetegia osa- tzeko eta email bidez konfirmatzeko euskara@zarautz.eus posta elektronikoan. Informazio gehiago lor daiteke aipatutako Udalaren webgunean.