2021ean ospatu zen Fokupean, emakume aktoreen festibalaren lehen edizioa eta bertan jasotako ondorioak derrigorrezkoa zela ikusi zuten Goaz Antzerki Taldeak eta Debako Udalak “hasi hasieratik argi izan dugu emakume aktoreen festibala behar zuela, horiek direlako sortze prozesuetan egonagatik ere, bigarren mailan geratzen direnak. Orduan, 2021ean, emakumeek sorturiko antzerkiak eta emakume aktoreak protagonista zituzten obrak ekarri genituen eta halaxe jarraituko dugu aurten ere”, adierazi dute antolatzaileetariko batek.

Fokupean azaroaren 3an jarriko da martxan Ikusle Kluba egitasmoarekin. EHAZE-Antzerkizale Elkartearen helburua arte eszenikoak interpretatzeko dinamika, publikoaren hausnarketa kitzikatu eta antzerkira hurbiltzeko bide berriak zabaltzea da. Bi orduko iraupena izango du saioak eta festibal guztian zehar, emanaldien amaieran, ikusle klubeko partaideek bildu eta ikusitakoa komentatuko dute. Azaroaren 4an (10.00etatik 13.00etara) eta 5ean (9.00etatik 12.00etara) Dejabuk emakumeentzako antzerki ikastaroaren txanda izango da. Ikastaroaren helburua an-tzerkiaren bitartez emakumeak gorputzarekin duen harremana arakatuz sorkuntza txiki bat egitea izango da. Azaroaren 4an, 19.00etan, bestalde, Pez Limbo taldearen Daisy Crazy antzezlana ikusteko aukera egongo da (3 euro).

Azaroaren 5ean, Maren Basterretxea Iribarrenek Igaro antzezlana antzeztuko du (3 euro) 12.30ean eta, ondoren, Laura Penagosek Putaren bakarrizketa eroetxean bakarrizketaren txanda izango da. Arta Kolektiboaren Sehaska kanta gorriari antzezlana (3 euros) izango da hurrengo protagonista azaroaren 10ean, 19.00etan, eta 11n, ordu berean, Debako emakumeak igoko dira oholtzara Lotura basatiak performancea gauzatzeko. Saioa bukatuakoan Fokupean kantuan egitasmoaz gozatzeko aukera egongo da. Amaia Zinkunegik zuzentzen duen koruak adin ezberdinetako 60 bat emakume elkartu ditu eta Debako kaleetan zehar ibiliko dira euskarazko abesti ezberdinak kantatuz. Festibalaren bukaera azaroaren 12an helduko da. Jone Bengoak azken 60 urteetan bizitzak izan dituen aldaketei buruzko hausnarketek osatzen duten Kabia istorioari forma emango dio oholtzaren gainean 12.30ean (3 euro).

Emanaldiak Jubilatuen Egoitzan izango dira. Sarrerak salgai daude Turismo bulegoan eta ondorengo estekan labur.eus/fokupean.