Pasa den asteko ostegunean ospatu zuten Tolosako Udaleko ordezkariek hilabeteroko osoko ohiko bilkura, eta, jakinarazi dutenez, “KPIa eta inflazioa kontutan hartuta, ordenantza fiskalei %2,5eko igoera orokorra” aplikatzea onartu zuten. Igoera orokorra den arren, badira zenbait salbuespen. Jabari publikoaren erabileraren atalean, esaterako, Belena patioko bizikleta aparkalekuari dagokiona da nabarmenena, jaitsi egingo baita bizikleta bertan gordetzeagatik ordaintzen den urteko kuota. “Orain arte garestiagoa izan da bizikleta gordetzea, auto baten bertakoen txartelaren eskuratzea baino. Mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginda, honek ez luke horrela izan behar. Horregatik, bertakoen txartelaren parera jaistea erabaki dugu, eta aurrerago ere aztertuko dugu bestelako trataerarik beharko ote lukeen”, azaldu du Esti Kortejarena ogasun zinegotziak. Gauzak horrela, eta %2,5eko igoera aplikatuta, urteko 66,44 ordaintzetik, 45,45 ordaintzera igaroko dira Alde Zaharreko bizilagunak. Horretaz gain, larunbateroko azokan parte hartzen duten ekoizleen zergak, edota eraikinak konpontzeko jartzen diren aldamioengatik ordaintzen diren tasak izoztea ere erabaki zuen osteguneko osoko bilkuran udalbatzak. Prezio publikoen kasuan, tolosarrei ez ezik, gainerakoei ere prezio berak aplikatuko zaizkie.

Beste hainbat alorretan ere izan dira aldaketak. Izan ere, ordezkariek baieztatu digutenez, ibilgailuen kasuan, esate baterako, ere bada zerga aldaketa bat. Igoera orokorra %2,5ekoa izango bada ere, 16 zaldi fiskaletik gorakoen kasuan, %3,5ekoa izango da igoera. Bukatzeko, etxez etxeko zain- tza indartzeko asmotan ere hainbat kreditu aldaketa hizpide izan ziren osteguneko osoko bilkuran eta zenbait aldaketa onartu ziren. Esate baterako, 150.000€ gehiago txertatuko dira, “etxez etxeko laguntza zerbitzuarentzat, eskaerek duten intentsitatea eta onuradunen beharrak asko igo direla ikusirik”. Bi diru-laguntza ere onartu dira, baita horiek egiteko kreditu aldaketak ere. Batetik, Oargiko rokodromoa konpontzeko, 20.000€ bideratuko dira, tolosar guztiei irekitako espazioa baita. Bestetik, Samaniego Ikastetxearen urteurreneko ekitaldien antolaketarako beste 20.000€-ko laguntza izango da.