Lagunartean kirolaren lehia ulertzeko “beste modu baten” isla da Ixilpen. Covid 19-aren pandemia garaian sortutako ideia baten ondorioa da. Hasiera batean bakarkakoak diruditen kirol jarduerak taldean sufritu eta aldi berean, gozatzen jakitea. Jone Galan eta Xabi Urruzola Ixilpen taldeko ordezkariek azaldu digutenez, pandemia garaiaren ondoren “helburu zehatzik gabe” sortutako proiektua izan zen hau. Norberak bere etxean hilabetetan zehar bizikletako bakarkako entrenamenduak eginda, larunbat goizetan ibilbide ezberdinak egiten hasi ziren lagun artean, eta Urruzolak aitortu duenez “, asteburuetan egindako saioetan lagunarteko lehia sanoa pizten joan zen pixkanaka”. Horrela, larunbat goizeko erronketarako” indartsu egoteko helburuarekin, bere kabuz, bakarka, eta isilpean, entrenatzen hasi ziren kuadrillako kideak astean zehar. “Astean zehar norberak bere ordutegiak ditu, eta planak egitea zailagoa denez, hasiera batean ez genuen gure artean hitz egiten. Baina, egun batean, Tolosatik 50km-tara aurkitu ginen bat-batean bost lagun, eta hau izan zen inflexio puntua. Segituan konturatu ginen taldean gozatzen genuela kirolaz, eta indartsuago entrenatzen genuela guztiok batera”. Hortik aurrera, WhatsApp-eko taldea sortu zuten lagunek, eta isilpean norbera bere kabuz entrenatzera atera ordez, taldean entrenatzen hasi ziren. Eta horrela, modu inprobisatuan, sortu zen gaur egungo Ixilpen taldea. Bizikletaren munduan hasi zen arren, korrikako saioetara ere zabaldu da taldea. “Lagun arteko ideia moduan hasi zen arren, segituan konturatu ginen Tolosan bai bizikletan eta bai korrika bakarka entrenatzen zuen jende asko zegoela, eta modu egituratuago batean, eta bereziki, konpainian, entrenatu ahal izateko sortu genuen proiektua. Instagram kontua ere sortu genuen, eta bertan entrenamendu saioak egiteko aukerak igotzen hasi ginen. Horrela, eta jendartean ahoz aho zabalduz, hazten joan gara, eta egun 100 kide inguru gara bizikleta eta korrika taldeetan gaudenak”, azaldu digu Jone Galanek. “Besterik gabe, klub federatu baten kide izateak dakarren konpromezutik kanpo egin dugu talde hau. Gurean egon nahi duenak, nahi duenean entrenatzeko aukera izango du, besterik ez”, gehitu du.

Bizikleta taldeko zenbait kide. | ARGAZKIA: N.G.

Kirolari bakoitzaren maila eta markek ez dute berebiziko garrantzirik Ixilpen-en. “Sekulako maila duen jendea dago klubean. Esate baterako, pasa den astean, Donostiako 5km-ko lasterketan lehen bi sailkatuak gure taldeko kideak izan ziren, eta sekulako marka lortu zuten, helmugara 15 minutu azpitik sartuz. Baina badira maila zein helburu xumeagoak dituztenak gurean. Azken finean, norberak bere buruarekin lehiatzen du, eta guztiok batera, elkarren babesarekin, hobetzea eta gozatzea lortzen dugu”, azaldu digute Jone eta Xabik. Nesken parte-hartze mailak izan duen hazkuntzarekin ere oso “pozik eta harro” daudela dio Galanek. “Hasiera batean, bazirudien soilik mutilek parte hartuko zutela, baina azkenaldian neska pila batu zaizkigu taldera, eta oso pozik gaude, neskek ere badugu kirolerako ohitura, eta pozgarria da jendearen inplikazioa ikustea”.

Etorkizunerako dituzten helburu edo erronken inguruan galdetzean, erantzuna oso argi dute Ixilpeneko bi kideek. “Bideak ekarri gaitu honaino, ezer espero gabe, jendearen parte hartzeak gora egin du, eta aurreran- tzean ere gurearen parte izan nahi duenak, ateak zabalik izango ditu, dudarik gabe. Bidea egiten jarraituko dugu, eta batek daki noraino iritsi gaitezken”. Apirilerako ere egun berezi bat antolatzeko lanean ari direla aurreratu du Xabik. “Lizarrara joatea da asmoa, bizikletan aritzen direnak bizikletaz Tolosatik, eta korrikako taldekideak bertan lasterketa bat egitera. Ondoren, guztiok batera bazkaldu, eta parranda egitera. Ea egiteko aukera dugun, ilusio handia egingo liguke”.

Marea arrosa

Arropa ere sortu dute Ixilpeneko kideek. Hasiera batean bizikletako ekipamendua bakarrik egin zuten arren, klubari forma ematen joan diren bezala, korrika egiteko materiala ere sortu dute. Arropa arrosa kolorekoa da, eta, hasieran helburua hori ez zen arren, lasterketa guztietan presentzia du orain taldeak. “Jendeari bere kabuz atera zaio gure kamiseta jartzea, seguraski, talde identifikazio horrek ere laguntzen duelako norberaren bakarkako lehian”, dio Jonek. “Ezagutzen ez gaituen jendea ere gurekin kontaktuan jarri da azkenaldian lasterketetan gure arropa ikusita”, azaldu digu Xabik. Espero gabe, marea arrosa sortu da azkenaldian Euskal Herriko lasterketetan, eta aurrerantzean hazten jarraituko du, Ixilpen sortu zuten kideek kirola eta lagunartea ulertzeko duten eragatik. Xabi, Jone, eta gainontzeko kideen ustez, taldean, momentu onak, beti direlako hobeak, eta txarrak, beti direlako eramangarriagoak.