Josu Mugika Aiestaran legazpiarrari biktima izaera aitortu dio Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordetzak. Mugika, 23 urtekoa, ETA PMko kidea zen. Hil zuten egunean, 1975eko uztailaren 30ean, Madrilen zen, Segoviako kartzelan preso ziren preso politikoen ihesaldia prestatzen. Poliziak erail zuen eta lau bertsio ezberdin zabaldu ziren: bihotzekoa izan zela, bere buruaz beste egin zuela, tiro-trukean hil zela eta atxilotu ondoren ihes egiten saiatu eta tiro egin ziotela.
Legazpiar talde batek bere biktima izaera aitortzeko lan egin du eta helburua lortu du. Atzo senitarteko eta lagunek agerraldia egin zuten Chillida Lantoki museoan. Josuren aitak Chillidarekin harremana zuen (Haizearen Orrazia egiten lagundu zion) eta Chillidak zituen harremanak baliatuta ekarri zuten Josuren gorpua Legazpira. Mugika 1975eko uztailean hil zen, baina gorpua ezin izan zuten 1977ko urtarrilera arte ekarri.
Atzoko ekitaldia Nekane Gonzalezek aurkeztu zuen. Bere bikotekidea zenak, Maria Jesus Lezetak, eta Aitziber Gine ilobak ere hitza hartu zuten. Lezetak gertaera kontatu zen moduan ez zela izan jakitea “etsigarria” izan dela esan zuen. Familiak ez du epaitegietara joatea baztertu.
Ginek balorazioa “gazi-gozoa” dela esan zuen. “Prozesu gogorra izan da eta berriz ireki dira zauriak”. Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari balorazio batzordeari baliabide gehiago emateko eskatu zien, beraien egoeran dauden familiei babesa adierazi zien eta 48 urte hauetan ondoan izan dituztenei eskerrak eman zizkien. “Gogoratu nahi dugu, exekuzio bidegabea izan ordez poliziak Josu atxilotu izan balu, gaur aukera izango genukeela gure osaba ezagutzeko eta berarekin bizi eta gozatzeko”.