Pasa den astelehenean, urriaren 23an, Lazkaoko Udalak Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? bonu komertzialen VIII. kanpaina jarri zuen abian. Bada, dagoeneko amaitu dira salgai jarri ziren 2.000 bonuak. Hauek 30 euroko prezioan saldu dira, baina 40 euroko erosketa balioa dute. Lazkaoko 58 saltokitan trukatu daitezke, azaroaren 30era arte.
Oraindik, ordea, eskuragarri daude baserritarren produktuak erosteko bonuak. 20 euroko salneurria dute eta 35 euroko erosketa-balioa. Bost euroko zazpi tiketetan banatuta eskaintzen dira. Helburua lehen sektorea indartzea da.
Baserritarren produktuak erosteko bonuak Lazkaoko Udaletxean eskuratu daitezke, astelehenetik ostiralera, 08.00etatik 18.00etara.
Ordizian salgai
Astelehenean ere, Ordiziako Udalak hirugarren sektorea bultzatzeko bonu kanpaina berria jarri zuen martxan. Herritarren eskura 3.000 bonu jarri ziren, 20 euroren truke 30 euro gastatzeko aukera ematen dutenak.
“Beste kanpainetan balorazio oso positiboa jaso dugu, eta aldi honetan ere herriko merkataritza sektoreari onura egingo diola espero dugu”, azaldu zuen Ordiziako alkateordea den Maitane Alvarezek. “Ordiziako merkataritza sustatzeko hartutako erabakia da hau, Ordizia erreferente izan dadin”, gaineratu zuen. Kanpaina honek berrikuntza bat duela ere jakinarazi zuen: “Parte hartzen duten saltokiei dagokienez, elikadura-dendak kanpainarekin bat egin dezakete”.
Tiketak Ordiziako Merkataritza Bulegoan daude eskuragarri, 09.00etatik 19.00etara.