Aste honetan egin dute berriz ere datorren larunbatean, urriaren 28an, Tolosan ospatuko den Tolosa Goxua Azoka bereziaren aurkezpena. Ibañez-Gozonaren lantegian izan da, eta bertan izan dira, Aitor Agirresarobe Tolosako Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotzia, Gozona gozotegiko Raquel Ibañez, Rafa Gorrotxategiko Rafa eta Armintz Gorrotxategi eta Pastelería Eceizako Javier Eceiza.

Agirresarobek azaldu duenez, aurtengorako ere egitarau zabala antolatu dute Udalak eta Tolosako gozogileek elkarlanean. Triangulo plaza izango du agertoki nagusia, eta, baieztatu dutenez, “22 postu jarriko dira Trianguloan, 09.00etatik 14.00etara. Bertan topatu ahal izango dira erroskilak, pastelak, txokolateak nahiz bertako bonba eta xaxu ezagunak, besteak beste”. Urtero gozo ezberdin bat izaten da azoka bereziko protagonista; edizio honetan, pantxinetak hartuko du lekukoa. Euskal sukaldaritzaren pastel tradizional hau dastatzeko aukera izango da festan.

Aurten ere egingo dute Goxuan tradizio bilakatu den postre lehiaketa; aurten, sagar tarta lehiaketa izango da berriro. Parte hartu nahi dutenek euren tartak 09.30etik 10.30era bitartean utzi beharko dituzte Trianguloan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean.