Musika, arte eszeniko eta arte plastikoak lau haizetara zabaltzeko intentzioz jaio zen Bastero kulturgunea duela 20 urte Andoainen eta helburua lortu dela esan daiteke, Bastero eskualdean arlo kulturalean erreferente bilakatu baita.

Herriko artista andana bertatik igarotzeaz gain, puntako musikari, aktore, dantzari, abeslari eta artista plastiko bertatik igaro dira.

Bastero aurretik, Andoainen ez zegoen kultura eta arte ekintzak antolatzeko agertoki egokirik. Antzerkiak La Salle ikastolako aretoan egiten ziren, erakusketa areto txiki bat ere bazegoen eta desagertutako zineman ere egiten ziren zenbait emanaldi, baina goi mailako ikuskizunak Basterorekin etorri ziren.

2003an zabaldu zituen lehenbizikoz ateak Peña Ganchegi arkitektura estudioak diseinatutako eraikinak eta, nahiz eta 20 urte igaro, bere ku-tsu abanguardista ez du galdu. “Herriko jendeak Guggenheim Txikia deitzen zion”, gogorazi du Itxaso Mendiluzek, arte-komisario andoaindarrak.

Mendiluzek Basteroko hasieretan parte hartu zuen komisario lanak egiten, horregatik duela hilabete bat Bastero kulturguneak bere 20 urteko ibilbide kulturalean izandako mugarri batzuk azaltzen dituen argazki, kartel, flyer eta objektu adierazgarrien erakusketa bat prestatzeko eskatu zion. Erakusketa azaroaren 16ra arte egongo da ikusgai erakusketa gelan.

Bastero, 20 urtetako bidai liburua Aitziber Muga

“Nik ez nuke esango erakusketa bat denik, baizik eta bidai liburua. Nik abiatu dut, forma eman diot, baina orain, herritarrekin, denon artean egin behar dugun lana da”, adierazi du Mendiluzek.

Izan ere, erakusketa edo kronologikoki planteatuta dagoen bitakora liburua modu ireki eta parte-har-tzaile batean antolatuta dago. Horretarako, erakusketa gelan post-it ba-tzuk daude nahi duenak 20 urte hauetan antolatu diren ekitaldien inguruko bere bizipenak edo iritziak jartzeko. “Bastero ez da inor jende hori gabe eta jende hori ez da Bastero gabe”, azpimarratu du.

Mendiluze Basteroko lehenengo lauzpabost urtetan egon zen lanean eta etenaldi baten ondoren beste lau urte egon zen kulturguneko erakusketak antolatzen, baina Basterorekin duen lotura ez da inoiz eten.

“Orduan [hasierako urteetan] urtebeteko programazio berezia eta kriterio handikoa egiten zen, goi mailako artistak ekarriz. Hori hasieratik izan zen horrela”, gogora ekarri du Mendiluzek.

Goi mailako artistak

Kultura eta arteari zuzendutako tamaina honetako eraikinik ez dago inguruan. Zinemaz gain, 600 eserlekuko antzokia ere badu. “Apostu zaila izan zen, baina erreferente bilakatu da inguruan erakusketengatik, antzerkiarengatik, musika, dantza... oso programazio fidela eraman da. Nortasun hori mantentzea lortu da urte guzti hauetan”, aipatu du.

“Gaur egun ere kanpoko jendea etortzen da Andoainera emanaldiak ikustera; azken finean badauzkazulako Donostian izan diren lanak handik hilabetera batera hemen ikusgai prezio merkeago batean eta oso leku egokian”, gaineratu du.

Basteron ere piano lehiaketa eta Ikus Zirkus egitasmoak izan dira, baita Rock Jaialdia ere, eta herriko kultur eragileek eta taldeek beren lana aurkezteko agertoki ezin hobea ere izan da. Peña Ganchegui eta Chillida arteko solasketa bat ere egon zen.

Alabaina, 2011ko krisiaren eta covid pandemiaren ondorioz, kultura eta batez ere erakusketak kudeatzeko modua aldatu egin da, komisarioaren aburuz. Mendiluzeren nahia berriro ere goi mailako artisten erakusketak berreskuratzea da eta erakusketek ildo bat jarraitzea. Batez ere, erakusketetan eskatzen du aldaketa, antzerkian eta musikan goi mailako programazio hori urte guzti hauetan mantendu delako.

Erakusketa aretotik pasa dira Blami, Ignacio Ibáñez, Manu Muniategiandikoetxea, Eduardo Sourrouille, Edu López, Gabriel de la Mora, Regina de Miguel...

Izan ere, Udaletik onartu dutenez ere “kulturak, edonola, ez ditu bizi garai oparoak. Askotariko eraginak bizi ditu, eta berebizikoa du egoeraren inguruko hausnarketa osatzea herriko talde eta eragileekin, elkarlanetik”. “Basteroren tokia zein den guztion artean erabaki behar dugu, jakinda kultur arloaren aterpe izaten segitzeko bokazioa duela kulturguneak”, gaineratu dute.

Horiek horrela, 20. urteurrenerako ekimen sorta antolatu du Udalak urrian zehar. Ekitaldi nagusia azaroaren 3an izango da. Kultura ospa-tzen izenburupean, kultur eragileak eta gonbidatu bereziak auditorioan elkartuko dira. Sarrera doan da, baina gonbidapena behar da.