Duela bost urte abiatu zuten Elizalde Eskolako jolaslekua biziberritzeko prozesua. Bertako haurrek, Guraso Elkarteak eta Oiartzungo Udalak elkarlanean jarri zuten martxan proiektua. Ikastetxe kanpoko espazioa eskolako proiektu pedagogikoaren parte bilakatu eta bertako eta herriko haur guztiei euren txokoa eskaintzen dien patioa sortzea izan dute helburu, erabilera ugariko jolasleku inklusiboa lortzeko.

Honela, jolastokia jolaserako, heziketarako eta elkarbizitzarako espazio batean bihurtzeko, haurren nahiak eta beharrak erdigunean jarri dituzte.

Horretarako, lanketa egin zuten ikasleekin eta beraien behar eta ideiak oinarri hartuta eraldaketarako proiektua prestatu zuten Guraso Elkarteak eta eskolak. Egitasmoa Udalari aurkeztu zioten haurrek eta elkarlanean patioaren eraldaketari ekitea adostu zuten hezkuntza-komunitateak eta Udalak.

Faseak

Zatika garatuko dute proiektua, udako hilabeteak aprobetxatu behar baitituzte aldaketak egiteko. Aurtengo udaran, bukatu berri duten lehen fasean, kantxa txikitu eta naturgunea indartu eta zabaldu dute. Dagoeneko hasi dira haurrak txoko berriaz gozatzen.

Berdegune berriak egin eta mendixka, zuloak eta bidexkak egin dituzte, txoko ezberdinak sortzeko. Enborrak jarri eta zuhaixkak landatu dituzte, itzalguneak eta espazio atsegina lortzeko. Egurrezko etxetxoekin herrixka bat eraiki eta mahaien eremua ere berritu dute. Gainera, txorientzat, intsektuentzat, tximeletentzat eta beste animalia batzuentzako bizitokiak jarriko dituzte ikasleek. Naturgunea indar-tzeko, 110.000 euroko inbertsioa egin du Udalak.

Baloiak errepidera ez joateko sarea ere jarri dute lehen fasean. Kirol kantxa eta gradak transformatzea izango dira hurrengo helburuak.

Futbola eta saskibaloiaz gain, beste kirol batzuk sustatzeko ekipamenduak jarri nahi dituzte kantxan. Beste eremuen arteko elkarbizitza eta segurtasuna hobetu eta ingurutik baloiaren beldurrik gabe pasatzea naturarekin eta jolasarekin lotutako elementuak jarriko dituzte (enborren eta sareen labirintoak, altuera ezberdinetako zutabeak…).

Dirua izanez gero, gradak goxa-tzeko eta erabilera handitzeko aldaketa estrukturala egitea ere aurreikusi dute: altuera lausotu, naturgunearekin lotu eta aurrealdean jolas eremu librea egiteko.