Zerga, tasa eta prezio publiko gehienak %2,7 igoko dira Urretxun. EAJk alde bozkatu du, EH Bilduk aurka eta PSE-EEk abstentzioa eman du.

Jon Luqui alkateak igoera zehazteko orduan EAEko abuztutik abuzturako KPIan oinarritu direla esan zuen. Salbuespenei dagokienez, uraren eta zaborraren tasak %5 igoko dira. “Uraren tasa %5 igoko dugu uraren prezioaren igoerari aurre egiteko. Izan ere, %12 igoko da. Zaborraren tasari dagokionez, Sasietak %6,5 igotzea proposatu du, baina %5 igoko dugu”.

Enpresei zaborraren tasa %50 igoko diete. “Mugitegin ditugun enpresen ezaugarriak direla eta, bilketa oso garestia da. 112.000 euro urtean, hain zuzen ere. Hori dela eta, aurten tasa %50 igoko diegu eta datorren urtean beste %50, gastuak estaltzeko”. 30 urtetik gorako autoei dagokienez, hemendik aurrera ez dute %100eko hobaria izango, %50ekoa baizik.

PSE-EE alderdiko Alex Gonzalezek beraien abstentzioa arrazoitu zuen. “Gu Estatuko KPIan oinarritzen gara eta %2,6koa izan da. Aldea txikia denez, abstentzioa emango dugu EAJren proposamenaren onarpena posible egiteko”.

EH Bilduko Jon Altolagirrek 18 proposamen egin dituztela esan zuen, eta gobernu taldeak bakar bat ez duela ontzat eman salatu zuen. Besteak beste, Urretxuko emakumeen batez-besteko soldata baino txikiagoa dutenek kiroldegian eta ikastaroetan 100%eko hobaria izatea proposatu dute.

EAJko Itziar Agirrek beraien proposamena ez dela bideragarria erantzun zion. “Zuek proposatu duzuen hobari sistema onartzea ez da borondate politiko kontua bakarrik. Marko legala kontuan izan behar da. Bestalde, tasak zerbitzu baten truke ordaintzen dira eta zerbitzu horren kostua estali behar dute. Hobaria orokor-tzen baduzu, nekez aurre egingo diozu kostuari. Diru sarrerak jaisteak, zerbitzu publikoak eskaintzea zailtzen du. Gainera, zerbitzu hori behar ez duen jendeak ere zerbitzua eskatzea gerta daiteke eta horrek kudeaketa ezinezko bihurtuko luke”, aipatu zuen Agirrek. – A.Z.