Usurbilgo San Esteban kaleak aldaketa garrantzitsu bat jasango du aurki. Udalak ibilgailuen joan-etorri orokorra mugatuko du. Urbanizazio lanak amaitzean oinezkoen eremu izendatuko dute eta Etxealdiako bizilagunek soilik izango dute bertatik kotxez pasatzeko eta karga-deskargarako bertan aparkatzeko aukera.

Proposamen hori egin die aste honetan udal Gobernuak auzotarrei, eta bizilagunak ados agertu dira. 40 bizilagun inguruk egin zuten bat deialdiarekin.

Kalea, orain, ibilgailuentzako itxita dago. Seinalizazio berriak jarritakoan irekiko dute, azkenik, bertakoentzat soilik. Kalea irekitakoan, zer erabilera ematen zaion behatuko du Udalak, eta neurriz kanpoko erabilera egingo balitz, kontrolerako sistema bat ezarriko luke.

Udaletik gogorazi dutenez, apirilean hasi ziren San Esteban kalea irisgarriago egiteko obrak, eta ia amaituta daude. Oinezkoek lehentasuna izatea ere bazen obren helburua, baina, hasiera batean, ez zen planteatu ibilgailuen joan-etorri orokorra debekatzeko asmorik, eta gauez bertan aparkatu ahal izango zela adierazi zen.

Alabaina, zorua berrituta, trafikorik gabeko tarte bat utzi behar zen zementua erabat finkatzeko, eta, horren ostean, kalearen izaeraren inguruko “zalantzak” sortu ziren Udalean. Aitortu dutenez, azken erabakia auzotarrekin batera hartu nahi zuten, eta horretarako izan da aste honetako bilera. Zalantza horiek izan dira kalea lehenago ez ireki-tzearen arrazoia, eta, zentzu horretan, barkamena eskatu diete bizilagunei.

Kalea erabat ixtea ere aukeren artean izan zuen Udalak, ibilgailuak pasatzeko oztopoak jarriz, baina, azkenean, halakorik ez egitea erabaki du, segurtasunagatik. “Larrialdiren bat egongo balitz, halako oztopo batek egoeraren larritasuna areagotuko luke”, esan dute.