Tolosa C.F. futbol taldeko ordezkaritzak klubak langileen egoerarekiko duen ikuspuntua azaldu nahi izan du idazki baten bitartez Usabaleko Kiroldegiak azken hilabeteetan bizi duen egoeraren harira. Futbol taldeko ordezkariek azaldu dutenez, Tolosa osoan banatua izan den gutuna irakurri eta gero, klubeko ordezkariak “oso harrituta” daude langileek esandakoekin. “Alde batetik, badirudi kalte konponezina eragiten ari direla onartzen dutela, eta horregatik barkamena eskatzen dutela, baina, era berean, eran-tzukizuna Udalarena dela uste dute, 10 urteko administrazio-emakida egin dutelako. Lizitazioa (eskatutako baldintzak betetzen dituen edozein erakundek aurkez dezake) langile gisa subrogatu ziren enpresak irabazi zuen, lehen zituzten baldin-tza berberekin. Bada, ustiapen-sistema Kirolzer-ek kudeatu zuenean arrakasta izan zuen bera da, eta beraz, grebaren arrazoia ezin da hori bakarrik izan” baieztatu dute futbol klubeko ordezkariek.

Era berean, “langileek beren lan-baldintzetan hobekuntzak lortzearen aurka” ez daudela argitu nahi izan duten arren, “klubak pairatzen ari diren egoera” salatu nahi izan dute. “Eskualdeko enpresa asko ezagutzen ditugu, beren lan-baldintzak hobetzea eskatzen ari direnak, baina ez dira grebara iristen. Ez dezagun ahaztu lehen grebarako deialdia egin baino lehen, ezta egungoaren aurretik ere, ez zela protesta ekintzarik egin. 10.000 abonatu utzi dituzue Tolosako kiroldegi bakarrera sartu ezinik, tartean jubilatu asko, haurrak, igerilekura errehabilitazioa egitera joaten den jendea, igerilekurik gabeko uda Tolosan, eta koadroan geratu garen kirol-klubak” adierazi dute Tolosa C.F.-ko kideek. Bukatzeko, egoera guztia argitzen ez den bitartean, gaur arratsalderako langileek antolatutako elkarretaratzea bezalakoetan klubaren babesa “ez dutela izango” baieztatu dute.