Zarautz– Guztira zazpi lan aurkeztu diren Zarauzko Udalak antolatutako Lizardi Sariaren 42. edizioan. Hala ere, epaimahaiak saria eman gabe uztea ebatzi du, izan ere, “aurkeztutako lanek sariketa honek urteetan izandako mailari eusteko beharrezko kalitaterik ez duelako”.

Epaimahaia Alex Gurrutxagak, Xastillo Suarezek eta Nerea Loiolak osatzen zuten eta erabakiaren nondik norakoak azaldu dituzte ohar batean: “Lizardi Sariaren epaimahaiak edizio honetan aurkeztu diren lan guztiak irakurri eta aztertuta, erabaki du saria eman gabe uztea”.

Sariaren 42. deialdi hau gazte literaturari zegokion. Guztira, zazpi idazlan aurkeztu dira aurtengoan, eta, epaimahaiaren ustez, “ez dago horien artean saritzeko moduko literatur maila erakusten duenik”.

Lizardi Sariak lan bikainak sari- tzea du helburutzat. Atzera begira jarriz gero, nabarmena da “egun puntakotzat ditugun hainbat idazleren lanek irabazi dutela sari hau 80ko hamarkadatik. Are gehiago, berriki Espainiako Sari Nazionala eskuratu duen Patxi Zubizarretaren Zerria lanak ere Lizardi Saria irabazi zuen orain dela bi urte”.

Ildo horri eutsiz, epaimahaiak uste du “sariak kalitate literario handiko lanak bakarrik saritu behar dituela, balio estetiko altua dutenak, eta literatur pieza aberatsak izango direnak haur eta gazteentzat”.

Gauzak horrela, aurtengoan saria eman gabe geratu arren, epaimahaiak espero du “datozen urteetan haurrentzako eta gazteentzako lan ederrak aurkeztea euskal idazle eta sortzaileek”.

Gogoratu behar da Lizardi Sariaren 38. edizioa ere irabazlerik gabe gelditu zela lanek ez zutelako “espero litekeen literatur mailarik” .