Buruntzaldeko sei Udalek jaioberrien familiei hainbat bailiabide eskaintzen dizkiete euskara erabiltzeak duen garrantziaz jabetzeko: zorion gutuna, hizkuntzari buruzko aholkuak, abestien CD-a eta ibilgailuan jartzeko pegatina. Baina garaiak eta gizartea aldatzen doazenez, iazko urtearen hasieran ekin zi-tzaion materiala berritzeari.
Aurkezpenean aditzera eman zutenez, biztanleria aldatzen ari da eta horrekin batera, familien tipologia ere bai. Hortaz, familia horiei hainbat baliabide eskaintzera dator material berritua, hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura familiarena ere badelako.
Lau familia tipologia bereiztu dira: familia euskaldunak, mistoak, euskaraz ulertzen dutenak eta euskara ezagutzen ez dutenak. Familia bakoitzari lauzpabost gomendio luzatzen zaizkie. Azpimarratu zutenez, garrantzitsua da familiak kon-tzientziatzea bi hizkuntza ofizialetan eroso komunikatzeko gaitasuna eskuratzea onuragarria dela. Bestalde, bitarteko digitalen aldeko apustua egin da.
Gainera, jaioberrien materiala berritzearekin batera, euskara-buruntzaldea.eus webgunea ere berritu da. Diseinuz ataria azalberritu ez ezik, edukiak ere txukundu, eguneratu eta birrantolatu dira. Goiko menu nagusia bost ataletan banatu da.
Adierazi zutenez, webgunean nahiko erraz topatu daiteke euskarazko baliabide asko. “Txikienekin euskaraz aritzeko material erakargarria osatzea izan da lehentasuna, baina gazte eta helduentzat ere baliabide mordoxka aurki daiteke bertan, informazio orokorrarekin batera (albisteak, kultur agenda, dirulaguntzak, aholkularitza, itzulpen zerbitzuak, etab.)”, azaldu zuten.
Aurrerantzean, baietsi zutenez, webgunearen berritze lanekin jarraitu nahi da, hau da, baliabide gehiagoz hornituko da ataria; haur, gazte nahiz helduen interesekoak izan daitezkeen material, proiektu eta ekimenen berri emanez.