Datorren urriaren 19, 20 eta 21ean Burujabe jardunaldiak antolatu dira Hernanin. Burujabetzak izango dira hausnarketagai, herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutuz.
Aurtengo topaketak Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak elkarlanean antolatu dituzte. Xabier Lertxundi alkateak Udalbiltzaren parte-hartzea goraipatu zuen atzoko aurkezpenean: “Uste dugu Hernanitik egiten dugun proposamena beste zenbait herrietarako ere aproposa izan daitekeela”. “Denon beharra da sare-tzea, elkarrengandik ikasi eta edatea, eta proiektu hauek guztiak maila lokaletik nazionalerako pausoa ematea. Horregatik uste dugu Udalbiltzarekin lankidetza ezinbestekoa dela”, gaineratu zuen.
Ideia berdinean sakondu zuen, Haritz Alberdik, Udalbiltzako lehendakari izendatu berriak: “Udalbiltza tresna ezinhobea da herrietako udalgintza eraldatzailean martxan jarritako proiektuak maila nazionalera eramateko. Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperien-tzia ezberdinak ezagutzeko eta egiten ari den lan guztia saretzeko”.
Laburbilduz, jardunaldi hauek pizgarri izan nahi dute udalerri mailan dagoeneko martxan dauden proiektuetatik abiatu, eta Euskal Herri mailarako proposamenak gauzatzeko dauden aukerak aztertzeko.
Itsaso Lekuona zinegotzia arduratu zen jardunaldien egitaraua aurkezteaz. Azaldu zuenez, ekimen guztiak doakoak izango dira. Ostegun eta ostiral goizeko ekimenetan parte hartzeko izena eman beharko da burujabetzak.jardunaldiak.eus atarian. Aldiz, arratsaldeetako mahai-inguruak eta larunbateko Burujabe-tzen eguneko ekimenak irekiak izango dira.
Azpimarratu zutenez, jardunaldiei amaiera emateko, Burujabetzen Eguna ospatuko da Hernaniko kaleetan. Bideak, burujabetzen aldeko herritar taldeak, jai giroko egitaraua osatu du egun osorako. Goizean, Hernani Burujabe kalejira kulturala egingo da, ekimenaren baitan biltzen diren burujabetza sektore ezberdinak ezagutzeko geldialdiak eginez eta herriko kulturgileen emanaldi txikiak tartekatuz. Eguerdian bazkari herrikoia egingo da eta bazkaloste girotua iragarri zuten. “Herritar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, urtean zehar egindako lan guztia ospatzera, elkar ezagutzera eta saretzera”, azaldu zuten Bideatik. Bazkariko txartelak Herrilurren eta Rioja, Kide eta Txili tabernetan izango dira eskuragarri.