Oiartzun – Lehenengo Erdi Aroko Jardunaldiak burutuko dira datorren astean Oiartzungo. Larunbatean azoka egongo da egun osoko egitarau oparo batekin eta bi egun lehenago, ostegunean, Libourneko Ituna azalduko duen hitzaldia egingo dute. Izan ere ekitaldi hauekin 1366. urtean Oiartzun Nafarroako Erresumara bueltarazi zuen akordioa ospatuko dute.

Osteguneko hitzaldiari dagokionez, Oiartzun konkistatu eta gero Nafarroari birbatu zenekoa izenekoa, Arizmendieneko erabilera anitzeko gelan izango da 19.00etatik aurrera. Bi zati izango ditu: Idoia Arrieta 1200eko konkistari buruz arituko da eta Joxemari Iturriotzek Libourneko Itunari buruz hitz egingo du.

Ekimen honen antolatzaileek gogorazi dutenez, 1366an, Gaztelako Pedro I.ari anaiordeak tronua kendu zionean, laguntza bila Ingalaterra eta Nafarroara jo zuen. Hiruek sinatu zuten Libourneko Itunean, Nafar Erresumak Gipuzkoa, Araba eta Errioxako zenbait hiribildu berreskuratu zituen, Oiartzun horien artean, 1200.eko konkistan galdutakoak. Birbatasun hau urte gutxi luzatu zen, 1373an aurreko mugetara itzuliz.

Bestalde, irailaren 30ean, herriko plazan egun osoko programa gauzatuko da. 10.00etatik 14.00etara bertako ekoizle eta artisauen azoka izango da. Eliza inguruan Txikien Erresuma prestatuko da, jolas eta eskulan desberdinekin.

10.00etan dianak joko ditu Oidultz dultzaina taldeak eta 11.00etan pregoia irakurriko da, Libourneko Itunaren sinaduraren berri emateko eta udaletxetik Nafarroako bandera zintzilikatzeko.

14.00ak arte, plaza girotuko dute Soinueneako Xirolarru taldeak eta biolinjoleak, malabarrak, ezpata borrokak... eta tartean, 12.00etan, Lur Korta ipuin kontalaria Elizalden zehar eramango ditu txikienak erraldoien laguntzaz. 14.30ean herri bazkaria hasiko da.

Arratsaldean ekitaldiek jarraipena izango dute. 17.00etan Aiero Huarte eta oiartzuarrek Nafar Erregeei harrera egingo diete, Lartaun abesbatza eta Olarri dantza taldearekin batera. 18.00etan ezpata borroka erakustaldi bat burutuko da eta 19.00etan erromeria izango da, Doike musika taldeari esker.