Tolosa – Solomilloa edo Azpizuna eskatu nahi duzuna! baina eskatu ezazu euskaraz kanpaina aurkeztu dute aste honetan Tolosan Galtzaundi Euskara Taldeko kideek Udaleko zenbait ordezkariekin eta eskualdeko zenbait harategietako jabeekin batera. Elena Muñagorri Tolosako harakinak eta Amaia Doyague Galtzaundi Euskara Taldeko kideak aurkezpenean azaldu dutenaren arabera, “herri eta eskualde mailan euskararen erabilera areagotzea” da abian jarri den kanpaina honen helburu nagusia, eta kanpainaren baitan, urriaren 2tik hasi eta 21era bitarte, “solomilloak zozketatuko dira dendetan, egindako aldaketak bistaratzeko”, azaldu du aurkezpenean Doyaguek.

Gainera, azpimarratu nahi izan dute Amasa-Villabonako, Ibarrako, Zizurkilgo eta Tolosako harategi “guzti-guztiek” hartu dutela parte, eta guztiek “bai saltokikoetako idatzietan, baita ahozkotasunean ere euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa” hartu dutela. Amaia Doyaguek ere azaldu du horretarako Galtzaundik “saltoki bakoitzaren errealitatearen arabera eman beharreko pausoak proposatu” dituela eta jada ari direla “zenbait aldaketa martxan jartzen”.

Horretaz gain, aurkezpenean nabarmendu dutenez, kanpainak bi lekutan jarri du fokua. Ahozkotasunean batetik, eta “hizkuntza-paisaian” bestetik. “Eskatu nahi den piezaren izena euskaraz ez jakinda ere, lasai ederrean eskatu daiteke euskaraz, eta gainera, kontuan izan beharrekoa da harategietako langileen %90 baino gehiago euskaldunak direla. Beraz, eskatu euskaraz!” nabarmendu dute aurkezpenean harategietako ordezkariek. Euren saltokiak euskararen babesgune ere direla baieztatu dute. Izan ere, euskara ikasten ari direnek hizkuntza praktikatzeko “konfiantzazko komer- tzioak” behar dituztela azaldu dute, eta horren baitan, harategietan ematen diren elkarrizketa “labur eta zehatzak” ikasten jarraitzeko oso aproposak direlako jarri da martxan kanpaina hau.

Aurkezpenarekin amaitzeko, Galtzaundi Euskara Taldeak “herritarrak euskaraz erostera gonbidatu” nahi izan ditu. Parte hartzaileek harategietan saltzen diren produktuak euskaraz esaten ikas dezaten ere, animalien zatien hiztegiak banatuko dira eskualdeko herrietan, eta urriaren 2tik 21era bitarteko egunetan harategiek produktuak zozketatuko dituzte. Hori guztia ikusarazteko eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat zabaldu da zine aretoetan eta sare sozialetan.