Bi urtetik behin, begirale ikastaroa antolatzen du Pasaiako Udalak, Eskubidean planaren barruan. Ikastaroa Trintxerpeko udal euskaltegian eskainiko da 2023-2024 ikasturtean eta Hezten elkarteak emango du.

Behin ikastaroa amaituta ikasleek Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua lortuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatzen duena. Izena-emateko epea irailaren 29ra arte izango da eta Hezteneko webgunean egin behar da.

Interesdunek, gutxienez, 18 urte izan beharko dituzte, eta 2023-2024 ikasturtean 18 urte betetzen dituztenak ere onartuko dira.

Ikastaroa euskaraz izango da. Hortaz, gutxieneko hizkuntza gaitasuna eskatuko da ikastaroa egiteko (klaseak jarraitu eta memoria euskaraz entregatzeko gai izatea). Ikastaroa euskaraz jarraitzeko aski gaitasun ote duten garbi ez badago, elkarrizketa bat egingo zaie gazteei Euskara Zerbitzuan, gutxieneko gaitasuna duten egiaztatzeko.

Praktikak egiten hasteko, beharrezkoa da ikastaroaren erdia, gutxienez, eginda izatea. Beka sistemaz baliatu nahi dutenek gutxienez praktiken %60 (96 ordu) Pasaiako elkarteren batean edo Udalak dituen zerbitzuetan egin beharko dute. Praktikaldiko orduak ez dira ezinbestean jarduera bakar batean egingo.

Pasaitarrentzat ikastaroa dohainik izango da; baita pasaitar ez izan arren, Pasaiako elkarteren edo udal zerbitzuren bateko kide direnentzat ere. Hala eta guztiz ere, matrikula egiterakoan 200 euro aurreratu beharko dituzte.