Hauspoa elkarteak antolatzen duen Ibarrako azoka berezia 23. aldiz ospatu zuten igandean . Herriko plazan abereek izan zuten lekua, eta Emeterio Arresen, frontoiaren inguruan, bertako ekoizle eta eskulangileak kokatu ziren. Arane iturriaren inguruan taloa eta sagardoa dastatzeko aukera ere izan zen, Uzturpe Ikastolaren eskutik. Arane iturrian ere gazteenek txokolatearen tailerra jaso zuten Rafa Gorrotxategiren eskutik. Azokarekin bukatzeko, kultur etxeko ikastaroetako ikasleek euren lanen erakusketa ere egin zuten.
Gastronomiarekin lotutako lehiaketak ere izan ziren azokan. Ibarrako piparren lehiaketa, pintxoena eta ezti lehiaketa egin zituzten, besteak beste. Aurten 15. urtez antolatutako ezti lehiaketaren irabazlea Luis Nazabal izan zen. Bigarren Xabier Artolarena izan zen eta hirugarren postua Ibai Ormaetxea ibartarrarena izan zen.
Ibarrako piparrekin loturiko lehiaketak Erraketistak frontoian egin zituzten, Xepla elkartearen eskutik. Gainera, urteetan epaimahaikide izandako Matias Gorrotxategik eta Hilario Arbelaitzek omenaldia jaso zuten. Sariei dagokienez, gilda lehiaketan Donostiako Club de Teniseko Maria Garcia eta Begoña Alonso izan ziren irabazleak, Ibarra bertako Xepla elkarteko Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxaga bigarren, eta Ondarruko Cantabrico tabernako Pantxo Bedialauneta eta Eneko Etxeberria hirugarren. Pintxoen lehiaketan Loiolatarra elkarteko Patxi Lago eta Jesus Orcajo izan ziren txapeldunak, Xeplako Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxaga bigarren, eta Azeri elkarteko Mikel Larrarte hirugarren.