Síguenos en redes sociales:

Urretxu: Nerabeentzako Gaztebidean zerbitzua eraberritu du Udalak

Urretxu: Nerabeentzako Gaztebidean zerbitzua eraberritu du UdalakA.Z.

Hasi berri den ikasturte berri honetara begira, nerabeei zuzendutako eskaintza egituratu du Urretxuko Udaleko Gazteriasailak . Egituraketa horren ardatzetako bat da Gaztebidean 12-17 urte bitarteko nerabeen- tzako zerbitzuaren eraberritzea da. Kudeatzaile berria du Gaztebideanek irailaz geroztik, eta aisialdi hezi-tzaile egituratua eskainiko die bertaratu nahi duten nerabeei. Kudeatzailea esperientzia zabalekoa da, Gipuzkoan antzeko zerbitzu ugari kudeatzen baititu. Gazteria saila eta kudeatzaile berriak elkarrekin lan egingo dute nerabeei ahalik eta eskaintzarik osoena eta erakargarriena eskaintzeko.

Urretxuko Iparragirre plazan du egoitza Gaztebideanek, eta lokala bera ere eraberritzen ari dira erabiltzaileen profila ahalik eta zabalena izan dadin. Hiru hezitzaileko lan taldea ariko da nerabeak dinamizatzen eta erabiltzaileekin prestatuko dute eskaintza. Eskaintza ez da lokalera mugatuko: lokala epizentroa izango bada ere, herri osora zabalduko dute eskaintza, eta hainbat irteera ere antolatuko dituzte ikasturtean zehar, opor garaietan bereziki.

Bakarka zein taldean baliatu ahalko da zerbitzua. Hori bai, izena ematea beharrezkoa izango da. Gaztebideanera gerturatuta eman ahalko da izena. Asteazkenetik igandera izango da zabalik: asteazkenetan, ostegunetan eta igandeetan, 16.30etik 20.00etara; eta ostiraletan eta larunbatetan, 16.30etik 20.30era. Zalantzak, lokalean bertan, 747 478 727 telefono zenbakian edota gaztebidean@urretxu.eus helbidean argituko dituzte.

Zerbitzua ezagutarazten dihardute egunotan Gaztebideaneko hezitzaileak. Ikastetxeetan egon dira eta datozen egunetan nerabeak lokalera joan ahal izango dira, lokala eta bertako eskaintza ezagutzera.

Gainera, gaur bertan hasiko diren Santa Anastasia jaien baitan, astelehenean, Kuadrillen Egunean, giza-futbolina egingo dute Iparragirre plazan. 12.00etatik 14.00etara izango da. Helburua festekin bat egitea eta zerbitzua ezagutzera ematea da.