Gizarteak amiantoarekin arriskuaz kontzientzia hartzeko eta amiantoaren biktimei laguntzeko helburuarekin, Zumarragako Udalak eta amiantoaren biktimen elkarteak (Asviamie) hitzarmena sinatu dute. Ekitaldia atzo izan zen, Zelai Arizti kultur etxean. Francisco Javier Marques Sein Asviamieko lehendakariak, Iñaki Ruiz de Egiluz kaltetuak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.

Serranok albiste “ona” dela esan zuen. “Osoko bilkuran konpromisoa azaldu genuen eta biktimen eskubideak aldarrikatu nahi ditugu. Udalaren babesa dute. Zumarragan eta inguruan ere biktima asko daude eta hamarkada luzetan bizi izan duten egoera bidegabea da. Denok ezagu-tzen dugu biktimaren bat”.

Udalak eraikin publikoetako amiantoa kenduko duela, hitzaldiak antolatuko dituela eta dokumental bat egingo duela aurreratu zuen. Dokumentalak biktimen lekukotzak jasoko ditu. Marquesek udal batekin sinatu duten lehen hitzarmena dela gogoratu zuen. “Azkena ez izatea espero dut. Hitzarmen honek gainontzeko udalak inplikatzeko balio izatea espero dut”.

Amiantoarekin lan egin zutenei, Osalaneko erregistroan izena emateko eskatu zien. “Osalaneko erregistroan izena ematen badute, jarraipena egingo diete eta gaixotasun profesionalari dagokion prestazioa jaso ahal izango dute”.

Osakidetzako profesionalei “inplikazioa” eskatu zien. “Gaixotasun batek bere jatorria lanean duela uste badute, jakinaraz dezatela”.

Zumarragan antolatuko diren ekitaldiei buruz ere hitz egin zuen. “Amiantoaren arriskuari buruzko sentsibilizazio kanpaina egingo dugu. Fibrozementuzko piezak nola kendu behar diren azalduko dugu. Eraikin askotan fibrozementuzko piezak daude eta legeak agintzen duen moduan kentzea oso garestia da. Askok enpresa merkeenak kontratatzen dituzte eta hauek fibrozementua mendian botatzen dute”.

Horretaz gain, Zumarragako amiantoaren mapa egingo da eta ikastetxeetan hitzaldiak antolatuko dira.

Arazoa oso larria dela gogoratu zuen. “Ez dugu informazio guztia eta materiala ezkutatuta dago. Hormetan eta hodietan, adibidez. Txabola askotan ere erabili zen. Baita fabriketan ere. Baina fibrozementuak iraungi-tze data du eta hausten denean zun- tzak airean zabaltzen dira”.

Ruiz de Egilaz zumarragarrak lehen hitzarmena Zumarragan sinatu izana “harro egoteko modukoa” dela aipatu zuen. “Biktima naizen heinean, nire esker ona azaldu nahi dut”.