Tolosaldeko abenturazale talde osatzen zuten Manuel Mocoroa eta Angel Ortizek lineako autobus zahar bat erosi zuen 1980an. Autobus hau egokitu eta Keniara joan ziren. Lehen autobus hura Nairobin gelditu zen arren, bidaiaren izpiritua ez zegoen gelditzerik. Josu Iztueta 1982an taldera batu eta bigarren eskuko beste ibilgailu bat egokituta, munduan zehar hainbat bidai egin zituzten Nairobitarrako kideek. Ordutik milaka bidai eta kilometro egin dituzte munduko txoko ezberdinetan, eta beste hainbat abentura zalerentzat inspirazio iturri izan dira.

Nairobitarra duela 20 urte iritsi zen bidaiaren amaierara. Santiago de Chilen gelditu zen ibilgailu zahar hura, eta Iztueta eta Ortizek etxera buelta egin zuten. Azken honek bizimodu aldaketa egitea erabaki eta bidai antolatuak egiteari utzi zion. Azken 20 urteetan, Josu Iztuetak bakarkako bidea egin du. Berak azaldu digun moduan, furgonetan egin ditu bidaiak “formatu txikiagoan” 8-10 lagun bitarteko taldeekin. Bidai eta kultura ezberdinen inguruan aritu gara hizketan.

Munduko hamaika txoko ezberdin ezagutu ditu bidaian, eta bidaiari sen horren hastapen bideak zein izan diren azaldu du Josuk. “Tolosako Alpino Uzturre Mendi Elkartetik hasitako bidea izan da urte guzti hauetan egindakoa” baieztatu du. “Leku eta garai bikain batean jaiotzeko aukera izan genuela uste dut. Gure aurreko belaunaldiek lanean pasa behar izan zuten bizitza guztia, eta guk, lehenengoz, mendiaz eta bidaiez gozatzeko aukera izan genuen. Zorte ikaragarria izan dugula uste dut”, gaineratu du bidaiari tolosarrak, egin dituen bidaiak luzeak izan diren arren “hanka bat beti Tolosan eta eskualdeko mendietan” izan duela nabarmendu duen bitartean.

Proiektu honetan parte hartu duten guztiek egin dituzten bidaiek ordea, sarritan gutxi izan dute erosotik. “Beti erakarri izan gaituzte baldintza gogorretan bizi izan diren kulturak ezagutzeko aukera izateak”, adierazi du Josuk. Gizakiak egokitzeko sekulako gaitasuna duela nabarmenduta, muturreko tenperaturetan edo bestelako egoeretan bizi diren tribuak ezagutu ditu tolosarrak urte guzti hauetan zehar. Laponiako Samit-ak; Amerikako Inuit-ak edota Mexiko eta Mongoliako tribu indigenak ezagutzeko aukera izan du besteak beste, eta guztien muturreko egoeretara egokitzeko gaitasunak ikaragarriak direla dio Josuk.

Bidaien filosofiaz eta Iztuetaren bizimoduaz hitz egiteko garaian, berak oso argi uzten du momentu oro “aukeratutako bizia” izan dela, eta beraz “oso eskertuta eta pozik” dagoela izan dituen aukerengatik. Egoera eta momentu benetan gogorrak bizi izan dituen arren, berriz ere bide bera egingo lukeela badaki tolosarrak. “Nahi dugulako egon gara leku hauetan, eta batzuetan gauzak nahi bezala atera ez diren arren, aurrera egiten jakin izan dugu beti. Zorteduna izan naiz, dudarik gabe”. Bidean bezero zein lagunekin hamaika gora bera ezberdin izan dituzte Nairobitarreko parte hartzaileek, baina beti ere erantzunak aurkitu dituzte. “Aurreikuspenak egin ditugu beti bidaietarako, baina arazoen aurrean inprobisatzaile onak izan garela esango nuke”, esan du Iztuetak. Ander Izagirre kazetariarekin eta Maialen Lujanbio bertsolariarekin egindako proiektua ere nabarmendu nahi izan du, “lagunekin egindako bidaiak bereziak” direla esanda.

Etapa honi amaiera eman dio aurten, baina “ezinbesteko aldaketa” izan den arren, etorkizunean “bidai txikiagoez” gozatzeko asmoa du orain.