Zerk bultzatu zintuzten ikerketa hau egitera?

—Saguzarrak oso gutxi ikertutako fauna taldea da, bere baitan aniztasun handia daukana, pentsa Euskal Herrian 27 espezie edukitzea aniztasun handia da. Gainera, espezie hauetako asko eta asko legez babestuta daude, beraz, badaude arrazoiak fauna talde honen inguruko ikerketak eta neurriak eskatzeko ardura duen administrazioari. Egoera horrek mehatxatutako izaki bizidunen inguruan ezagutza zabaltzeko proiektuak eta espezie larrienei buruzko kudeaketa-plan bereziak egitera behartzen du. Ildo horretan, dirulaguntza lerroak ateratzen dituzte Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta zeinbait udalek, eta aurkeztea erabaki genuen, lehenbizi ikerketa lanak burutzeko, eta ostean etorri dira dibulgaziorako proiektuak.

Zeintzuk izan dira helburuak?

—Gure inguruko ondare naturala jasotzea; zer daukagun jakitea oso garrantzitsua da, zein egoeretan gauden kontuan hartzeko. Esan bezala, saguzarren banaketari eta ugaritasunari buruzko datuak oso eskasak dira. Eta hauen kontserbazioan lagundu nahi dugu (Europako saguzar espezie asko gainbeheran daudelako) eta, horretarako, datuak behar ditugu.

Burutu duzuen ikerketan zenbat espezie aurkitu dituzue EAEn?

—Naturtzaindiatik Gipuzkoako saguzarren datuak osatzen ari gara, Atlaseko datuak borobiltzen. Hau da, Gipuzkoako lurraldea osatzen duten kuadrikulatan banatu eta bakoitzean ageri diren saguzar espezie guztiak jasotzen. Euskal Herriko banaketa mapak eginda daude orain arte bildutako datu ofizialen arabera, eta Euskal Herri osoan bizi diren espezieak hartu ditugu kontuan (EAE + Nafarroa + Akitania); guztira 27 espezie daude.

Eta horietatik, zenbat gure eskualdean?

—Debagoienean 16 espezie ditugu; gutxienez 20 ere izan daitezke.

Non topatu dituzue?

—Laginak ibilbideak eginez, erreka ertzean, mendian, kobazuloetatik gertu eta herri inguruan hartzen ditugu, besteak beste.

Zer ezaugarri dituzte animalia hauek?

—Ugaztunak dira: ilea, odol beroa eta kumea amaren tripatik jaiotzen da, hau da, esnez elikatzen dira hasierako asteetan. Gainera, hegalariak diren ugaztun bakarrak dira, eta munduan 1.300 espezie daude erregistratuta. Funtzio ekologiko handia ere badute. Euskal Herriko kasuan espezieak intsektujaleak direnez, hauen populazioa kontrolatzeko aukera ematen digute. Beste herrialde batzuetan frutajaleak (hazien dispertsioan lagun- tzen dute) eta nektarjaleak (polena sakabanatzen…) ere badaude.

Saguzarrari buruzko mito asko daude: itsuak, lumarik gabeko hegaztiak, odolez elikatzen direla... Zergatik izan dira hain gutxi maitatuak?

—Gauez irtetzen dira, hegan; ezjakintasunak eragiten du irudimena eta bildurra handitzea, gizakiaren ezaugarri bat da. Baina inspirazio iturri ere izan dira, begira, munduan dauden odol jaleak diren hiru saguzar espezieengatik historio asko asmatu dira: Drakulak, banpiroak.…

Gaueko harrapari zoragarri hauengana hurbiltzeko asmoarekin, gida bat atera duzue. Zer jasotzen du lan honek?

—Saguzarren ezaugarri orokorrekin batera, espezie bakoitzaren datuek –izenak, familia, banaketa mapak, non bizi diren, babeslekuak ilustrazioarekin lagunduta…. ere janzten dute gida–. Bertan arreta jartzen da hauek babestea zergatik den garrantzitsua eta beraien alde zer egin dezakegun.

Non dago eskuragarri?

—Arrasaten, Ereindajanen eta Besaide Mendizale Elkartean; Aramaion, Arbel kooperatiban; Oñatiko Natur Eskolan eta Bergarako Laboratorium museoan. Ale gehienak agortu ziren eta bigarren tirada bat kaleratu dugu. Elkartearen webgunean ere eskura daiteke formatu digitalean.

Gidan ohartarazten duzuen bezala, saguzarrak arriskuan daude. Zer egin genezake beraien kontserbazioaren alde?

—Gordelekuetan ez gogaituz, batez ere, hibernazio eta kumatze sasoietan lasai uztea (kobazulo, ganbara, sotoetan...). Habitat naturalen kontserbazioa sustatzea ere ezinbestekoa da: erreka ertzeko basoak, zelaiak, baserri auzoetako heskaiak, eta baso zaharrak egoera onean mantenduz. Monolaborantza intentsiboak ekiditea beharrezkoa da, nekazaritzan eta basogin- tzan. Eta guzti honekin batera, ikerketa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa ere bultzatu behar dira.

Zein beste proiektu ditu martxan Naturtzaindiak? Baten bat Debagoienean?

—Gaur egun naturaren kontserbazioaren aldeko hainbat proiektuekin lanean ari gara Ataunen, Itsasondon eta Zestoan, besteak beste. Iaz Aizkorriko parke naturaleko barrunbeak ikertzen aritu ginen saguzarren koloniak antzemateko. Gipuzkoako saguzarrentzat lehentasunezko babesleku batzuen jarraipena eta babesaren arduradun izateko proiektua ere gauzatzen ari gara. Bestalde, Arrasateko Udalarentzat udalerriko landa eremuan zeintzuk diren publiko bihur- tzeko interes handiena duten lursailak zehaztea helburu zuen azterketa bat egin dugu, Udalak lurren erosketak irizpide konkretu batzuekin egin ditzan. Bergaran, ordea, iaz urmael handi bat eraiki genuen Gorlan.