Xanisteban jaiei esker, abuztuaren 2tik 6ra alaitasuna nagusituko da Oiartzunen. Asteazkenean, Hilario Arbelaitz sukaldariak botako duen suziriarekin hasiko dira. Jaietako egitarau osoa oiartzun.eus webgunean ikus daiteke.

Hala eta guztiz ere, bihar kirol eta kultur ekitaldiak herria girotzen hasiko dira. 10.30ean Xanistebanetako haurren esku-pilota txapelketa herrikoiaren finalak antolatu ditu Oiarpek Kontzejupean eta 19.30ean, Harri Beltzak sustatuta, Alaia Belaunzaranen harpa kontzertua izango da Done Eztebe elizan.

Gainera, urtero bezala, abuztuaren 1ean kultur ekitaldia egingo dute 18.00etan Oiartzun 2023 urtekaria aurkeztu eta Xanistebanetako kartel lehiaketako sariak banatzeko. Oiartzunen nabarmendu diren herritarrei omenaldia ere egingo die Udalak. Aurten Ondarearen Mahaiko kideak omenduko dituzte, herriko ondarea jaso eta ezagutzera emateko egiten duten lanagatik. Arizmendieneko lorategian izango da ekitaldia (eguraldi txarra bada Landetxe Kultur Aretoan).

Ondoren, 19.00etan eskuzko pasaka txapelketa herrikoiaren eta Gipuzkoako eskuzko pasaka txapelketaren finalak antolatu ditu Txostek Kontzejupean. Ordu berean Aitor Txiki XIV. areto futboleko txapelketaren finalerdiak egingo dituzte Haurtzaro ikastolan.

Gainera, bi erakusketa ere egongo dira xanistebanetako egunen bueltan: abuztuaren 1, 2 eta 4an Xanistebanak 2023 Kartel Lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa izango da Manuel Lekuona liburutegian, 9.00etatik 14.00etara. Bestalde, xanistebanetan hasi eta abuztuaren 10a arte helduen tailerreko margolanekin erakusketa egongo da Begoña Mendigutxiaren omenez Arizmendienean, 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Indarkeriaren aurka

Aste honetan Udalak jaien egunetan indarkeria matxista ekiditeko martxan jarriko dituen neurriak aurkeztu ditu.

Hasteko gau osoan Xorrola ibiliko da. Iaz 200 pertsonek erabili zuten herri barruko gaueko autobus zerbitzua eta arrakasta ikusita, aurten ere festetako bost gauetan zortzi auzoak lotuko ditu orduro Xorrola bereziak, 00.00etatik 6.00etara. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak gaueko zerbitzuetarako zehazten duen prezioa izango du (2€). Aurreko urteko ibilbidea eta geltokiak izango ditu. Biblioteka ondoko autobus geltokitik abiatuko da eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo.

Aldi berean, eguneko Xorrolak ordutegi zabalagoa izango du: 7.10ean hasi eta 22.40an bukatuko da (Arraguako ordutegia) abuztuaren 2tik 6ra bitartean.

Azkenik, indarkeria matxisten inguruko informaziorako eta arretarako gunea izango da aurtengo berrikuntza nagusia, festetan erasoren bat jasaten dutenentzat argibideak eman eta erasotuaren beharren araberako babes eta laguntza eskaintzeko. Gauero egongo da zabalik, 23.00etatik 6.00etara Mendiburu kaleko 5. zenbakiko udal bulegoan. Abuztuaren 4, 5 eta 6an arratsaldez ere egongo dira.