Benin eta Nigeria herrialdeetan egindako Gelede izena duten maskarak bereganatu dituztela jakinarazi berri dute Tolosako Topic museoko ordezkariek. Beraz, Topic-en eskuragarri izango dira aurrerantzean. Maskara hauek “eszena satiriko, erlijioso zein garaikideak islatzen dituzte”, Topic-eko kideek azaldu dutenez.

Gelede maskarak Tolosako museoan izan ziren 2012 urtean. Izan ere, herbeheretako Ursela Voorhuis bildumagileak Topic-en jarri zituen ikusgai. Honen heriotzaren ondorioz, Topic-eko ordezkariek maskara Tolosan behin betiko egon daitezen erosi ahal izan dituzte orain. Izan ere, Ursela Voorhuisen oinordekoek baieztatu dutenez, argi zuten Tolosako museoa dela bilduma berezi hau zaintzeko eta zabaltzeko lekurik egokiena. Albert Sanders izan da karetak museora ekarri dituena eta museoko zuzendari diren Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero izan dira kolekzioa jaso dutenak.

Hauek azaldu dutenez, maskarek Anago Yoruba zibilizazioan dute jatorria. Zibilizazio honetako kideak Benin eta Nigeriako kosta artean bizi ziren. Maskarak emakumeek euren gizartean duten garrantziarengatik omentzea dute helburu eta beraz, Yoruba taldeko emakumeen omenez egindako lanak dira.

Gainera, Zaldua eta Herrerok azaldu dute “maskara ezberdinen kopurua mugagabea dela” eta honek “gai ezberdinak lantzeko” balio duela. Bukatzeko, oso pozik azaldu dira Topic-en horrelako bilduma garrantzitsua izateak suposatzen duenagatik. – Mikel Lakunza