Usurbilgo Udalak jakitera eman duenez, Donostiako Klasikoa txirrindulari lasterketa bi aldiz pasatuko da Usurbildik eta Aginagatik larunbatean. Hortaz, uztailaren 29an proba hauek eragiten dituzten ohiko bide mozketak egongo dira N-634 errepidean.

Konkretuki, goizean, Donostiatik Oriora bidean, 11.25ean pasatuko dira txirrindulariak, eta mozketa, gutxi gorabehera, 11.00etatik 11.45 bitarte izango da.

Arratsaldean, aldiz, Oriotik Donostiara bueltatuko dira. Hemen lehenengo txirrindulariak 16.15 inguruan pasatuko direla aurreikusten da. Beraz, 15.45etik 17.00etara bitartean izango da arratsaldeko mozketa.

Aurtengo ibilbidea luzea eta gogorra izango da: 230,3 km eta zazpi mendate puntuagarri. Guztira, 25 talde lehiatuko dira, 18 UCI World Teams-ekoak.

Lasterketaren inguruko informazio guztia klasikoa.eus webgunean aurki daiteke.