Herritar ezagunak elkarrizketatuko ditu Jon Segura urretxuarrak eta puri-purian dauden gaiak landuko ditu, besteak beste. 'Kontando historias' izenarekin, podcast-ak egingo ditu astelehenetik aurrera.

Segura tabernaria da eta lanean landu du komunikaziorako gaitasuna. “Komunikazio arloan dudan esperientzia tabernan bezeroekin landu dudana da. Bikoteak eta biok astelehenero El conquis programa ikusten dugu, tabernan. Saioa ikusten ari ginela, guk ere saio bat egitea pentsatu genuen: elkarrizketak, tabernan bertan. Izan ere, tabernako giroa elkarrizketa arruntetakoa baino askeagoa izaten da eta elkarrizketatuak lasaiago sentitu daitezke eta askeago erantzun. Elkarrizketak egiteaz gain, pelikulei eta telesailei buruz hitz egingo dut eta gertakizun bereziak kontatuko ditut. Puri-purian dauden gaien inguruko eztabaidak ere egingo ditut: ludopatia, animalien ongizateari buruzko legea…”.

Elkarrizketatuei galdera bereziak egingo dizkie. “Ez dira betiko galderak izango. Galdera batzuk guztiei egingo dizkiet. Nahiko pikanteak izango dira. Gainontzeko galderak elkarrizketatuaren araberakoak izango dira”.

Astelehenero audio bat igoko du. “Hiri Galduak musika taldearekin hasiko naiz. Gorka Hermosa, Iñaki Gastro, Asier de Iglesia, Dani Garcia eta Mikel Balenziaga ere elkarrizketatuko ditut, besteak beste. Tabernari esker jende asko ezagutu dut. Jende askok Cristiano Ronaldo eta Messi bakarrik ezagutzen ditu eta herrian sekulako jendea dugu. Horren adibide onena Hermosa da. Nire neska-laguna poloniarra da eta han Hermosa oso ezaguna da. Hango akordeoilari batek haurrentzako Got Talent saioa Hermosaren abesti batekin irabazi zuen. Bizilagunek herrian dugun jendea ezagutzea nahi dut”.

Elkarrizketak taberna orduetatik kanpo egingo ditu. “Elkarrizketak egiten ditudan bitartean taberna itxita egongo da. Nire neska-laguna bakarrik egongo da. Bera arduratuko da grabaketaz. Bideoa ere grabatuko dugu, Instagram, Tik-Tok eta halakoek bideoa erabiltzen baitute. Audioak Ivoox, Anchor eta Spotify-n entzun ahal izango dira”.