Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldeko garapen agentziak, Eusko Jaurlari-tzarekin elkarlanean, Arditurriko bide berdearen ezaugarriak biltzen dituen webgune berria sortu dute.

Tresna digital berrian, arditurribideberdea.eus, Oarsoaldea lotzen duen bide berdeko hamabi kilometroetan eta Arditurriko meatzeetan aurki daitekeen turismo eskaintzaren informazioa biltzen da.

Lau hizkuntzetan egin dute (euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa) eta bide berdea zein inguruko herriak eta interes puntu ezberdinak bisitatzeko informazioa ematen du (Aiako Harria Parke Naturala, trenbide zaharraren aztarnak, Soinuenea herri musikaren txokoa, Luberri geologia museoa…). Bertatik erosiko dira aurrerantzean Arditurri meategia barrutik bisitatzeko sarrerak.

Bide berdearen inguruan egin daitezkeen plan ezberdinak ere proposatzen ditu webguneak. Plana osa-tzeko beharrezkoa den informazio praktiko guztia ere eskuragarri dago bertan: bizikleten alokairu zerbitzua eta jatetxe eta ostatuen informazioa.

Bide berdearen ardatzaren eta azken urteetan Karrika edo Gurutzeraino egin diren adarren mapa ere gehitu dute. Argazki eta bideoekin borobildu dute ataria.

Dinamikoa izango da eta pixkanaka osatzen joango dira plan ezberdinen eta bisitatzeko tokien aukera.

Webguneaz gain app berritzaile bat ere sortu dute mugikorretarako. Bide berdea modu desberdin eta interaktiboan bisitatzeko aukera ematen du. GPSak gidatuta, ibilbidean zehar dauden interes gune ezberdinetara iritsi eta hauek ezagutzeko audiogida, argazkiak eta 360º-ko irudiak aurki daitezke. Arditurriraino iristean, meategiaren eta trenbidearen XX. mendeko momentu desberdinak erakusten ditu 3D birsortze interaktiboarekin. Gainera, haurrekin meategia ezagutzeko jolas interaktiboa sortu dute.

Android gailuetan instalatu daiteke aplikazioa eta iPhonetarako ere prest egongo da laster.