Udako oporraldi guztian zehar zenbait kontzertu eta ekimen izan diren arren, asteburu honetan pilatuko dira Kultura Plazara jaialdiko ekintza nagusiak Zumardi txikian. Ostiralean hasi eta igandera bitarte ospatuko da jaialdiko asteburu garrantzitsuena Tolosan. 6 kontzertuez gain, artisautza eta gastronomia ere uztartuko dituen jaialdia izango da aurtengoa, Udaleko eta antolakuntza taldeko ordezkariek aurkezpenean baieztatu zutenaren arabera.

Orotara sei kontzertu entzuteko aukera izango da asteburu osoan zehar. Ibil Bedi taldeak emango dio hasiera jaialdiari, ostiralean 22.00etan. Larunbatean Broken Brothers Brass Band taldeak kalejira egingo du eguerdian eta arratsaldean. Oholtza gainean berriz, DJ Alai tolosarra eta Nhil izango dira, 19.00etatik aurrera. David Colomo eta lagunen flamenko doinuek, eta Olaia Intziarte bakarlariaren emanaldiak emango diote amaiera jaialdiari, igandean. Zumardi txikian izango ez den arren, Tolosako Udal Musika Bandak ere urteroko udako kontzertua eskainiko du ostiralean 20.00etan Tolosako Lopez Mendizabal plazan. Asteburu hau pasa ondoren ere Kultura Plazara ekimenak jarraituko du eta beste hainbat kontzertu izango dira Tolosan abuztuan eta irailean zehar. Sonakay taldeak edota Alur dantza taldeak eskainiko dituzte emanaldiak, besteak beste.

Larunbat goizerako gazte artisauen azoka antolatu da. Bertan, hamar postu inguru izango dira artisautzan lanean aritzen diren marka ezberdinen eskutik. Bitxigileak, kamiseta egileak eta margogileak bertan egongo dira, besteak beste, eurek egindako lanak saldu nahian. Horrez gain, bertaratu guztiek eskaintza gastronomikoa ere izango dute eskura asteburu guztian zehar. Izan ere, Ama Jatetxeko eta Carnicas Goyako kideen eskutik eskaintza berezia izango da. Ekintza zein ospakizun guzti hauek Zumardi txikian egingo dira ostiraletik igandera bitarte.

Zumardi txikia festarako egokitzeko asmoz, gaur bertan hasi dira muntaketa lanetan Udaleko langileak. Hori dela eta, autoak bertatik ateratzea eskatu zuen Udalak astearen hasieran. Astelehenean egingo dira desmuntatze lanak, eta iluntzetik aurrera autoak berriro ere bertan utzi ahal izango dira.