Uda igarotzera etorri diren lehen lau haur sahararrak pasa den astelehenean iritsi ziren Tolosaldeako eskualdera. Etortzekoak ziren beste lauak ere larunbatean iritsi ziren. Beraz, guztira Euskal Herrira udako oporraldia pasatzera etorri diren 181 haurretatik zortzik eskualdeko familietan pasako dituzte hilabete hauek.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak adierazi duenez, 8 haurrek astelehenean bertan iritsi behar zuten Euskal Herrira eta beraz Tolosaldeko eskualdera baina zenbait arazo izan zituzten eta Asturiastik etorrita, asteburuan iritsi dira gainontzekoak. Egun batzuk beranduago izan arren “oso pozik” agertu dira elkartekideak.

Aurten gainera, lehenengoz, Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da guztia koordinatzeaz. Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu udan zehar egingo dituztenak antolatzeko lana. Hasiera batean, jakinarazi nahi izan dutenez, 15 haur sahararrei Tolosaldea bizitokia ematea zen helburua, baina ezin izan dute lortu familiak falta izan direlako. Azkenean, 8 familiek parte hartuko dute udako oporraldiko proiektu berezi honetan. Etorri diren gazteentzako aukera paregabea den arren, batzuei egoera berria moldatzea kosta egiten zaiela ere esan dute antolakuntzako kideek. Izan ere, lehen aldiz etortzen diren gazteentzat guztia berria da eta adaptaziorako denbora behar dute. Aurreko udako oporralditik errepikatzen dutenak ordea berehalako adaptazioa izaten dutela azaldu dute.

Haurrek Euskal Herrian pasako dituzten bi hilabeteetarako ekintza ugari antolatu dituzte. Hasteko, mediku azterketak pasatzen dituzte gazte guztiek, arazoren bat izango balute konponbidea bilatzeko asmoz. Igeriketa ikastaroak ere egiten dituzte urtero. Aurten, Usabal Kiroldegia itxita dagoenez, Villabonako Olaederran egingo dituzte ikastaroak. Beste hainbat ekintza ere prestatu dituzte. Hala ere, ekintza nagusia larunbatean egingo dute Pasai Donibanen. Izan ere, Euskadi mailako harrera festa ospatuko dute eta familien artean ezagutzeko balioko duen festa izango da.

Aurrerantzean Oporrak Bakean programa berriro antolatzeko beharrik ez izatea espero dute elkartekideek, umeak egoera hobean egongo diren esperantzarekin.