Astigarragako festak uztailaren 21etik 26ra luzatuko dira eta aurten ere, programazio zabala, anitza, oparoa eta publiko desberdinei zuzendurikoa osatu da.
Gazte Asanbladak 30 urte betetzen ditu aurten eta Santio jaiei hasiera emango dion suziria beraiek botako dute. Udalak AGA zoriondu nahi du, urtean zehar egiten duen lan guztiagatik eta Astigarragari ematen dion bizitasunagatik.
Haurrentzat prestatutako jarduerei dagokienez, erraldoi eta buruhandiak, haurrentzako bazkaria, txokolate jatea, kale ikuskizunak, jolasak, ur txirrista, apar jaia, magia emanaldia eta zezensuzkoa egongo dira. Feriak uztailaren 21etik 26ra ibiliko dira, 21ean eta 24ean prezio herrikoiekin.
Bestalde, Gozategi taldea, Alargun Beltzak txaranga, Aiurri Aukeran taldearen dantza ikuskizuna, Laket taldea, Pasai txaranga, Laglo taldearen dantza bertikala, Artistas del Gremio txaranga, Duo Imperialekin dantzaldia, Goxo txaranga, bertsolariak, Afrika Bibang abeslaria, Duplaren kontzertua, DJ Bull, Disko Festa, Voces Riberas, Astigarren dantza erakustaldia, Txekoslovako musikaria, Kresala taldea, La Jodedera eta Laiotz taldeak, Iker eta Alabier trikitilariak eta Zubietako joaldunak izango dira, besteak beste.
Nola ez, jaietan, hainbat bazkari, lehiaketa herrikoi eta parte hartzeko jarduerak antolatu dira: gaztelekuko bazkaria, alkoholik gabeko koktel tailerra, toka eta bolo txapelketa herrikoia, patata tortilla lehiaketa, gazte bazkaria, marmitako lehiaketa eta bazkaria, danborrada herrikoia, erretiratuen bazkaria, Gazte Asanbladaren olinpiadak, Larrain dantza herrikoia, arropa trukatzeko azoka, Santa Anako sagardo dasta-tzea, presoen elkartasun bazkaria, hegaluze-pintxoak...
Emanaldiak herriko puntu ezberdinetan egingo dira: Kontxa Etxeberria plazan, Joseba Barandiaran plazan, Foru plazan, Norberto Almandoz plazan, Emakumeon plazan, Erribera plazan eta Gobadarien ibai parkean.
Bestalde, jai berdinzaleak eta seguruak izateko neurriak hartu dira. Honenbestez, protokolo bat landu da, prebentziorako eta arretarako Karpa Morea jarriko da uztailaren 21ean, 22an eta 24an, 23.00etatik 4.00etara taberna inguruan. Eta Brigada Morea antolatu da uztailaren 21ean, 22an eta 24ean, 1.00etan eta 3.00etan.
Azkenik, uztailaren 22an Astigarragako kaleetan zehar sustantzien kontsumoen prebentzioa burutuko duten Ai Laket elkarteko lau hezi-tzaile ibiliko dira.