Asteazkeneko osoko bilkuran legealdi honetako lan antolamendua zehaztu zuten Urretxuko korporazioko kideek: osoko bilkuren maiztasuna, batzordeen osaketa, hainbat organo kolegiatutako ordezkarien izendapena, alkateordeen izendapena, tokiko gobernu batzarreko kideak, ordainsariak eta udal talde politikoen osaketa.
Legealdi honetan osoko bilkurak hileko azken asteazkenean izango dira, 19.00etan. Orain arte ostegunetan izaten ziren. Legealdi honetan ere hiru batzorde egongo dira (Antolamendua, Lurraldea eta Herritarrak). Hileko hirugarren ostegunean elkartuko dira. Orain arteko moduan, EAJk hiru ordezkari izango ditu, EH Bilduk bi eta PSE-EEk bat.
EH Bilduko bozeramaleak, Jon Altolagirrek, hiru batzorde egotearekin ados daudela baina informazio fluxua zaindu behar dela esan zuen. Baita alderdi bakoitzaren ordezkari kopuruak 2019ko hauteskundeetako emaitzei erantzuten diela eta 2023an emaitzak bestelakoak izan direla ere. “2019an EAJk gehiengo absolutua lortu zuen eta oraingoan ez. Batzordeetako kide kopurua aldatzea proposatu genuen, 3+3+1 adibidez, baina ez da onartu”.
Jon Luqui alkateak aurreko legealdian informazio fluxuari buruzko kexarik ez zela egon eta aurreko ordezkari banaketa ez zetorrela gehiengo absolutuarekin bat eran-tzun zion. “Orain erdibidean gaude”. Gai honetan EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Ondoren, hainbat organo kolegiatutako ordezkariak izendatu zituzten. Guztietan gobernu taldeko ordezkariak izango dira Urretxuko Udalaren ordezkariak (mankomunitatean d’Hont legearen arabera egiten da eta EH Bilduk ere ordezkari bat izango du). Altolagirre kexu azaldu zen. “Udalbatzaren aniztasuna kontuan hartzea proposatu genuen. Batez ere ordezkari bat baino gehiago duten organoetan eta ikastetxeetan. Eta ez da gure proposamena onartu”.
Luquik udal hauteskundeetan alderdi bozkatuena berea izan zela gogoratu zuen eta ikastetxeekin lotutako eskaerarekin kexu azaldu zen. “Eskoletara joaten hasi ginenean zoriondu egin gintuzten gure aurretik ez zelako inor joaten. Gu udal ordezkari bezala joaten gara eta beste aldean EH Bilduko jendea egoten da”, esan zuen. Gai honetan, EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Hurrengo puntuan, gobernu taldeak alkateordeen berri eman zuen. Lehen alkateordea Maialen Fidalgo izango da, bigarrena Igor Zubillaga, hirugarrena Jon Albisua eta laugarrena Itziar Agirre.
Ordainsariak
Ondoren, ordainsariak, lan ordainak eta bertaratzeak finkatu zituzten. Soldatak orain arteko berak izango dira. Alkateak %100eko dedikazioa izango du eta 5.009,72 euroko 14 soldata kobratuko ditu urtean (soldata gordina). Gobernu taldeak beste bi liberatu izango ditu: Maialen Fidalgok (3.757,29 euroko 14 soldata) eta Igor Zubillaga (4.258,26 euroko 14 soldata).
Aurreko legealdian bezala, zinegotzi gehien dituen oposizioko alderdiak (EH Bilduk) liberatu bat izango du. Liberatua Julen Azpeitia izango da. 2.537,52 euroko 14 soldata kobratuko ditu urtean.
Bestalde, liberatuak ez dauden zinegotziek 100 euro kobratuko dute osoko bilkura bakoitzeko, 75 tokiko gobernu batzordeko bileretara joateagatik, 50 euro batzorde informatiboetara joateagatik eta 50 euro bozeramale batzordeetara joateagatik. Horretaz gain, alderdi bakoitzak 500 euro jasoko ditu hilero, gehi 120 euro zinegotzi bakoitzeko.
Bukatzeko, bozeramaleen berri eman zen. EAJren bozeramalea Fidalgo izango da (Zubillaga ordezkoa izango da), EH Bildukoa Altolagirre (Azpeitia ordezkoa) eta PSE-EEkoa Alex Gonzalez (Jokin Garcia ordezkoa).