Duela hamabost hilabete hasi zen Kalez Kale Hondarribia hobetzen lan-programa bukaerara iristen ari da. Azken hilabeteotan obrak Sabino Arana, Axular, Irun eta Bidasoa pasealekuan egin dira, eta azken egunetan Irun kaletik Sabino Arana kalearen amaiera arte ari dira lanean.

Obra hauen berri emateko atzo egindako prentsaurrekoan Estitxu Urtizberea alkateordeak azaldu zuenez “lurpeko hoditeria berritzerakoan, Txingudiko Zerbitzuak egiten ari den lanetan ezustekoak egon dira, eta horrek proiektuaren epeetan atzerapenak ekarri dizkigu”. Gauzak horrela, Udaletik erabaki bat hartu behar zuten: lanak bertan behera utzi eta irailean berriz ere hasi, edota orain lanekin jarraitzea, irailean ikasturtea hasten denean eskolei eta bertako joan-etorriei ahalik eta kalte gutxien egiteko. “Azken hau erabaki dugu, eta beraz, uztailean zehar lanak ahalik eta gehien aurreratuko ditugu” zehaztu zuen.

Zentzu honetan, udan zehar “hiri erdian obrak ere egin daitezkeela” uste dutela adierazi zuen. “Esandako arrazoiak direla eta, epeak ezin izango dira bete eta abuztuan langileen oporraldia dela kontutan izanik, Udalaren asmoa azaroan amaituta egotea da. Orain geratuko bagina, 2024ko otsailean amaituko genuke obra” amaitu zuen alkateordeak.