Síguenos en redes sociales:

Zizurkil: Dantza eta musika afrikarrak Divina elkartea urteurrenean

Divina elkartea Gipuzkoako emakume nigeriarrek osatzen dute eta 2018an hasi zuten ibilbidearen bosgarren urtemuga ospatzeko asmoz bildu ziren ostiralean festan batean. Bertara beste hainbat elkarteetako ordezkariak ere azaldu ziren. Dantza afrikarrez eta musikaz girotu zuten ekitaldia. Zizurkilgo Joxe Agirre plazan izan zen Divina elkartearen bosgarren urteurrena ospatzeko festa, pasa den ostiralean.

2018an proiektu honi hasiera eman ziotenean, soilik bost ziren elkartea osatzen zuten emakumeak, eta urte hauetako lanaren ondoren 41 dira egun elkartekideak. Donostian, Errenterian, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen bizi dira kideak eta bertan garatzen dituzte euren ekimen gehienak. Josten, idazten edo irakurtzen ikasteko ikastaroak antolatu dituzte besteak beste, eta lanean jarraitzeko gogoz agertu dira. Gainera, elkarteko ordezkariek festan baieztatu zuten “oso pozik” daudela eta “gizartearen onarpena eta babesa” sentitu dutela momentu oro.

Divina elkartea sortu zutenean, Nigeriatik migratutako emakumeen egoera erakustea zuten helburu nagusia. Izan zitzaketen arazo nagusiak aztertu eta hauei konponbideak eman ahal izateko talde bat nahi zuten. Gainera, emakume afrikarren sormena eta ahalmenak ere erakutsi nahi izan dituzte hasieratik. Zer eskainia badutela defendatu nahi dute. Azkenaldian, Nigeriako emakumeak ez ezik, Afrikako beste hainbat herrialdeetakoak ere batu zaizkie taldera, eta horrela izaten jarraitzea nahi dute.