Eneko Egialde eta Egoitz Ezeizarekin hitz egin dugu, Usabal Kiroldegiko langileen ordezkariak, Udal Kiroldegiaren egungo egoeraren inguruan. Azken urte guztian zehar lan-baldintzen hobekuntzak eskatuz aritu dira langileak eta negoziazioetan akordiorik lortu gabe, duela bi hilabete, maiatzaren 8an, greba mugagabea hasi zuten. Negoziazioetan urtarrilean hasi ziren eta BPX Sport enpresa, eta denbora luzez proposamen ezberdinekin lanetan arituta, blokeo egoeran daudela salatu nahi izan dute. “Enpresak negoziaziorako borondaterik ez du izan. Guk proposamenak eta eskakizunak egin ditugu eta beti ezezkoak jaso ditugu, negoziatzera sartu gabe”.

Kiroldegiko langileen aldarrikapenak hiru puntu nagusi izan dituzte hasieratik. Lehenengoa, konflikto handiena sortzen duena, KPIaren igoerei dagokiena. “2020tik ez dugu KPIaren igoerarik izan, guztia garestitu denarekin”, adierazi du Egialdek. Bigarren aldarrikapena klase prestakuntzen ingurukoa da. Orain arte klaseak prestatzen pasatako denbora ez zaie lan ordu moduan hartu, eta guztiak kontuan hartzea “ezinezkotzat” duten arren, “gutxienez lan ordu gutxi batzuk” klaseen prestakuntzarako izan nahi dituztela diote. Azken aldarrikapena asteburuko egoeraren ingurukoa da. Ordezkarien esanetan “asteburuetan kiroldegian lan egiten dugunean langile gutxiago egoten gara, eta beraz, ardura eta lan-karga handiagoa dugu”.

Egungo egoeran azken bi aldarrikapenetan gertu daudela baieztatu digute langileek. Enpresarekin negoziatu dute eta “aldarrikapenak jaitsi behar izan” dituzten arren, akordiora iristeko gertu daude. Arazoa ordea, KPI-aren aferan dago. “Ahal den azkarren irtenbideren baten alde egin nahi dugu guk” esan digute amaitzeko.