Uztakale programa duela bi aste abiatu zen Legazpin eta bihar hirugarren astean sartuko da. Datozen egunetarako jolas parkea, apar festa, antzerkia, kontzertuak, erraldoi eta buruhandien kalejira eta ikus-entzunezkoa antolatu dituzte. Urteroko moduan, uda heltzearekin bat, Legazpiko Udalak aire librean egiteko ekitaldiak antolatu ditu.

Bihar, 17.00etatik 19.00etara, jolas parkea egongo da Laubideko oinezkoentzako gunean. Eguraldi txarrarekin Domingo Agirre ikastetxeko pilotalekuan egingo da. Gainera, 19.00etatik 20.00etara apar-festa egingo dute Laubideko oinezkoentzako gunean. Hori ere Domingo Agirreko pilotalekura eramango dute eguraldi txarra egiten badu.

Astearterako kale antzerkia antolatu dute. Trapu Zaharra taldeak Eutsi Ramon lana antzeztuko du Laubide kalean. Antzerki saioa 19.00etan hasiko da. Eguraldi txarra egiten badu, Azoka gunean egingo da.

Asteazkenerako kontzertu bat antolatu dute. Nirek Mokarrek eta Iker Pirisen taldeak Agirre Etxeberri parkean joko dute. Kontzertua 19.00etan egingo dute. Eguraldi txarra egiten badu, kontzertua Azoka gunean egingo dute.

Ostegunean, Legazpiko Erraldoi Konpartsako erraldoiek eta buruhandiek eta Trapalata txarangak kalejira egingo dute erdiguneko kaleetan. Ekitaldia 19.00etan hasiko da.

Ostiralerako, berriz, bi ekitaldi antolatu dituzte. 19.00etan Kittu taldeak kalejira egingo du erdiguneko kaleetan. Gauean, 22.30ean, Ikatza argazkilari elkarteko kideek Uztakale programako hirugarren emanaldia egingo dute. Oraingoan naturari buruzko ikus-entzunezkoa eskainiko dute. Ekitaldia Azoka gunean izango da.

Azken ekitaldiak hurrengo astean izango dira. Hilaren 19an Oñatiko Mila Modu taldeak eta Legazpiko Loak taldeak kontzertua egingo dute erdigunean. 19.00etan hasiko da. Hiaren 20an Bea Larrañagak Bonba bat naiz lana antzeztuko du: 19.00etan Laubide kalean. Buka-tzeko, 21ean Jon Maia eta Oihana Iguaranekin trikipoteoa egingo dute erdigunean. 19.00etan hasiko da.