Síguenos en redes sociales:

Sanferminen festan murgilduko da gaur Pasai Antxo

Sanferminen festan murgilduko da gaur Pasai Antxo

Pasai Antxon uztailaren 7ko astean arropa zuria eta zapi eta gerriko gorriak janzten dituzte sanferminak ospatzeko. Pasaiako barrutiko festak gaur bertan hasiko dira 20.00etan txupinazoarekin. Aurten, ordea, suziria ez da Zumardian izango, herriko plaza handiena obretan baitago Topoaren lurperatzearen ondorioz. Hortaz, hasiera Biteri plazan biziko da.

Biterin ere ordu erdi lehenago, jaien aurkezpena egingo da. Taldeetako ordezkariei bandak ezarriko zaizkie eta Irati Pregori, kartel lehiaketaren irabazleari, saria emango zaio.

Biharko eguna batez ere haurrei zuzendua izango da. Ostirala, aldiz, San Fermin eguna, saltseroak aterako dira kaleak alaitzera, baita haurren eta helduen danborradek ere.

Larunbatean, danborrada gehiago aterako dira eta goitibeherak egongo dira. Euskal jaiek ere tarte berezia izango dute bazkariarekin eta bertso jaialdiarekin.

Azkenik, igandean, marmitako lehiaketa, parrillada, txokolatada eta zezen suzkoa izango dira. Festak Pobre de mí abesten amaituko dira.

Trafikoa

Sanfermin jaiek trafikoan aldaketa ugari ekarriko dituzte. Aparkalekuari dagokionez, uztailaren 10era bitarte Luzuriagako aparkalekuan barrakek libre utzi duten eremuan, bertakoentzat soilik da joan den larunbatetik. Bestalde, bihartik, futbol txapelketa amaitu ondoren, Usozeko zelaiko kirolgunean aparkatu ahalko da.

Zirkulazioari dagokionez, gaurtik uztailaren 10eko goizeko 7.00ak arte, Hamarretxeta, Zumalakarregi, Oarso eta Gure Zumardia kaleak trafikorako ezgaituta geratuko dira.

Herrirako sarrerek ohikoak izaten jarraituko dute, Eskalantegi eta Oarsoko zubia, baina trafiko perimetrala ezarriko da Eskalantegi, Luzuriagako aparkaleku ondoan eta Gelasio Aranburu kaleetan zehar. Aurten beste sarrera bat egingo da Nafarroa etorbidetik, Gelasio Aranburutik eta Blas de Lezotik.

Alabaina, gaurtik hilaren 8ra arte, 22.30etik 7. 00etara, Antxotik irteera hau izango da nahitaez: Papineko bidetik barrena, Eskalantegitik zuzenean bidera. l