Astigarraga 2023 aldizkariaren zenbaki berri honetako gai nagusia musikaren inguruko hausnarketa bat da. Astigar elkarteak argitaratuko du ostiral honetan.

Aldizkaria datorren ostiralean, uztailaren 7an, zabalduko da, arratsaldez. Aldizkaria jaso eta nahi den ekarpen ekonomikoa egin ahal izango da Valella eta Goxua okindegietan, Erriberako Ogiberri okindegian, Ainhoa janari-dendan eta udal liburutegian dauden erakustokietan.

“Musika balio kulturaltzat hartuz, aldizkariaren gai nagusi gisa proposatu dugu, bai idatziz, bai ikus-en-tzunezkoetan”, adierazi dute lantaldetik. Hortaz, musikaren bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera sakon aztertu dituzte musikarekin zerikusia duten talde, erakunde eta pertsonek. Hori guztia, beraien ekarpenen eta joan den maiatzaren 20an Murgia jauregian egindako hausnarketa saioaren bidez egin dute.

Bestalde aurtengo historiaren inguruko gaiak hauek dira: Astigarragako tranbia, emakume serorak eta haien praktikak eta Orri zuriak betetzen dokumentala.

Gai eta pertsona ezagunen atalean, herritar berrien gogoetak eta gazteak eta haien gogoeta eta lehentasunak nabarmendu dira, baita Lorena López gizarte-langilearekin, Olatz Alkorta piraguistarekin eta Luis Telleria pinturaren maisuarekin egindako elkarrizketak ere.

Kulturarekin eta kultur eragileekin zerikusia duten gaiak ere aipagarriak dira. Hala, aurten Martin Ormazabalek kulturaren esparruan egiten zuen lan handia jaso da, eta bereziki euskal dantzekin zuen lotura. Horrekin batera, literaturak beti du lekua Astigarraga aldizkarian, eta Urtzi Leonet, Irati Oskoz eta Koldo Mitxelena literatur lehiaketan saritutako gazteen ekarpenak nabarmendu dira.

Aranzadiko kide Ion Garinek sakon deskribatu ditu espezie arrotz inbaditzaileak. Azkenik, herriko elkarte eta taldeen proiektu eta ekimenetarako lekua ere badu aldizkariak, besteak beste, Emakumeon Etxea, Txirriskla, Urumea Berri GKE, Gure Izarra eta Astigarte.

Ostiralean kaleratuko dena 42. alea izango da eta honekin 1.006 artikulu argitaratu dira Astigarraga aldizkarian, 1982an lehenengo aldiz idatzi zenetik. Balio historiko eta soziokultural handiko dokumentu horiek eskuragarri daude, bai formatu inprimatuan, bai digitalean, astigar.eus web orrian.

Azkenik, lantaldeak bere ahalegina goraipatu eta aldizkari hau posible egiten duten laguntzaile askoren ekarpen altruista eta herritarren ekarpena eskertu du. Udalarekin lankidetza hitzarmena dute eta “herritarren ekarpenei esker euts diezaiokegu aldizkariaren izaera herrikoiari”, azpimarratu dute.