Frantziako Tourrak eragin zuzena izango du Oiartzungo trafikoan uztailaren 2 eta 3an. Izan ere, herriko sarrera-irteerak eta errepide nagusi asko itxita egongo dira lau orduz.
Igandean, hilaren 2an, izango dira mozketa garrantzitsuenak. Gasteiztik abiatuko da etapa eta Donostian amaituko da. Tartean, Oiartzun erdi-erditik zeharkatuko dute txirrindulariek.
Astigarragatik etorriko dira, Txikierditik. Txipitoko maldatik jaitsi eta Ugaldetxotik gora, Elizaldetik pasa eta Gurutzera joango dira, hortik Irun aldera hartzeko. Lasterketa 16.15ak aldera pasako dela aurreikusten badute ere, 13.00etan itxiko dituzte errepideak, 17.00ak arte. Karabana 14.30ean pasako da.
Udaletik aditzera eman dutenez, bidea itxita dagoen bitartean ezingo da inolaz ere ibilgailuz bertatik pasa. Larrialdietako ibilgailuek soilik izango dute bertatik ibiltzeko aukera.
Behin karabana pasata, oinezkoek ere ezingo dute errepidea gurutzatu. Autobusik ere ez da ibiliko.
Igandean Iturriotz, Altzibar, Karrika, Ergoien, Elizalde eta Gurutzeko bizilagunek Oiartzundik ateratzeko ia aukerarik ez dute izango lau orduz beraz. Aritxulegiko bidea bakarrik egongo da irekita.
Astelehenean, uztailaren 3an, eragin txikiagoa izango du Tourrak. Errenteriatik iritsiko dira txirrindulariak eta Lintziringo errepidetik joango dira Irunera, 16.00ak aldera. Arragua eta Errenteriako errepidea itxita egongo da 12.30etik 16.30era eta E2 eta E4 autobus zerbitzurik ez da izango.
Oiartzundik ateratzeko Topoa erabiltzeko gomendatu du Udalak. Xorrola normaltasunez ibiliko da astelehenean.
Ibilbideen eta abisuen berri emateko esku-orria prestatu du Udalak. Datozen egunetan banatuko du etxeetan. Tourrak trafikoan izango duen eraginaren informazio eguneratua web honetan egongo da eskura: https://letour.euskadi.eus.
Lezo
Tourrak ere uztailaren 2 eta 3an gurutzatuko du Lezoko herria. Egun horretan, Hondarribitik Jaizkibelgo errepidetik (GI-3440) iritsiko da lasterketa Lezora. Lezo, Jaizkibel etorbidetik gurutzatu ondoren, Altamirako biribilgunetik igaroko da lasterketa. Errepidea 14.04ean itxiko dute eta ordutik ibilgailuek ezin izango dute errepidea zeharkatu.
Uztailaren 3an, etapa Donostiatik aterako da eta Altamirako biribilgunetik igaroko da, aurreko eguneko aurkako noranzkoan. Jaizkibel etorbideko 1-9 zenbakitik jarraituko du, Errenteriarako norabidean. Zirkuitua ixteko ordua 12.52 da.