Astigarragako Udalak, emakumeon etxeak, Gazte Asanbladak eta gaztelekuak antolatuta, hainbat ekintza burutuko dira ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna: mahai-ingurua, Zinegoak jaialdiko hainbat film laburren proiekzioa eta gaztelekuko gazteen muralaren sorrera.
Gainera, egunotan, udaletxeko fatxadan, kiroldegian, gaztelekuan eta Erribera kulturgunean LGTBIQ+ bandera jarriko da.
Mahai-inguruak emango dio hasiera egitarauari asteartean. Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartearekin batera, trans eta LGTBI+ legearen inguruko mahai-ingurua antolatu da. 18.00etan hasiko da Erriberako erakusketa gelan. Hizlariak honakoak izango dira: Brayan Altimasberes Alaminos (Loratuz Loratuko kidea, trans aktibista eta Hiruki Larroxako langilea) Josebe Iturrioz (aktibista transfeminista eta irakaslea) eta Asmi Molina (intersex aktibista eta Gehituko kidea). Moderatzaile lanetan Izei Etxeberria arituko da (aktibista trans asexuala eta Gehituko idazkaria). Mahai-ingurua euskaraz izango da, baina aldibereko itzulpena egongo da gaztelaniara.
Bestalde, ekainaren 28an, 10.30ean, gaztelekutik abiatuta, kultur etxe zaharraren azpian dagoen paretan LGTBIQ+ murala sortuko dute.
Azkenik, Bilboko Zinegoak, LGTBIQ+, 20. nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko film laburren emanaldia eskainiko da ekainaren 30ean, 19.00etan, Erriberako terrazan. Ekitaldia doan izango da eta filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dira azpitituluekin.