Atzo lehen ekitaldiak ospatu ondoren, gaur koadrilen eguna egingo dute Tolosan. 1.600 gaztek EH plazako herri bazkarian dute hitzordua, eta beste askok, taberna zein elkarteetan bazkalduko dute. Musikaz eta festa giroz beteko da Tolosa.

Festetako lehen ekintzak atzo hasi ziren Tolosan. Isidro Larrañaga Orkestrako kideek kontzertua eskaini zuten 19.00etan Berdura Plazan, eta San Joan Zesta-Punta txapelketaren finalerdiak ere jokatu ziren Beotibar pilotalekuan. Gaur, koadrilen eguna izango da.

Musika egun guztian zehar izango da protagonista gazteek zein helduenek antolatuta dituzten ekitaldietan. Joselontxos eta Jainekin txarangak, eta Bengo, Etxepe eta Mulambo perkusio taldea ariko dira, besteak beste, kaleak girotzen. Aurten, berrikuntza modura, Plaza Berritik aterata Fresa Morango DJ-ak kalejira egingo du 20.00etatik aurrera. Pasa den urteetan izan den elektro txarangarik ez da izango aurten.

Herriko gazteenek ere izango dute festarako tartea. 10.30ean haurren entzierroa egingo da Plaza Berrian, eta jarraian, 11.30ean, erraldoi eta buruhaundien konpartsa izango da Tolosa girotzen Plaza Zaharretik irteera eginda.

12.00etan, gazte koadrilek txupinazoarekin festari hasiera ematen dioten momentuan, Tolosa Kantariko kideak ere kalez kale ibiliko dira herria kantuz alaitzen. Joselontxos txaranga eta GiroArte dultzaina taldea txoznagunean izango dira, eta goizeko ekitaldiekin amaitzeko, BatuMore batukada feminista ere herriko kaleetan izango da. 14.00etan 1.600 gazte inguru EH plazan elkartuko dira herri-bazkarian. Iratzar erromeria ere bertan izango da 18.00ak bitarte. Ondoren, Mulambo perkusio taldearen, Fresa Morangoren eta Jainekin txarangaren esku geratuko da Tolosako kaleak giro- tzeko lana. Bengo eta Etxeperen kontzertuak ere izango dira Plaza Berrian eguna bukatzeko.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, musika ardatz hartuz egitarau zabala prestatzea izan dute helburu.

Batasuna elkarteak antolatutako sagardo txapelketa ere egingo dute Berdura Plazan 19.00etan. Bakailo eta sagardoan egositako txorizo dastaketa ere izango da.