Eskubaloia: Iker Agirre zumarragarrak Euskadiko selekzioarekin jokatuko du
Bere herrian jokatuko du, hilaren 24an, Finlandiako selekzioaren aurka
21 urte azpikoen Euskadiko selekzioarekin jokatuko du Iker Agirre eskubaloi jokalari zumarragarrak hilaren 24an, Zumarragan. Bere lehenengo partida izango da Euskadiko selekzioarekin.
Selekzioak Basque Country International Cup txapelketa jokatuko du hilaren 23an, 24an eta 25ean, Finlandiaren aurka. 23ko partida Gasteizen izango da eta 25ekoa Tolosan.
Agirre oso pozik dago, noski. Zumarragako jokalariak 21 urte ditu eta haurra zenean hasi zen eskubaloia joka-tzen. “Futbolean hasi nintzen, baina eskola kirolean eskubaloia gustatu zi-tzaidan eta 13 urterekin-edo eskubaloian hasi nintzen. Nire kuadrillako hamahiru eskubaloian aritu gara. Ba-tzuk eskubaloi eskolan hasi ziren eta beste batzuk, tartean ni, beranduago. Nire lehen taldean denok kuadrillakoak ginen. Sekulako giroa genuen. Taldekoak lagunak izateak jarraitzera animatu ninduen”.
Alboko postuan jokatzen du, eskuinean. “Eskubaloian ezkerti gutxi egoten dira, baina nire taldean hiru geunden. Alboko gisa hasi nintzen, baina berandu hazi nintzenez, txiki gelditu nintzen. Orduan, hegaleko postura pasa ninduten. Hazi nintzenean, alboko postura itzuli nintzen”.
Oso gaztetan salto egin zuen Urolaren lehen taldera. “Gazte mailako lehen urtean, 16-17 urterekin, lehen taldearekin jokatzen nuen dagoeneko. Gazte mailako lehen bi urteetan astebururo bi partida jokatu nituen: bat gazte mailako taldearekin eta bestea, lehen taldearekin. Aurreko belaunaldiko jokalariek lehen taldea utzi zuten eta, hala, lehen taldean ari-tzeko aukera suertatu zen”.
Lehen taldean oso harrera ona egin zioten. “Gainontzeko jokalariek 20 urtetik gora zuten eta ni gazteagoa nintzen. Baina beteranoek ez gintuzten baztertu. Oso ondo hartu gintuzten eta oso giro ona dugu. Familia bat gara. Oso gustura nago Urolan”.
Hori gutxi balitz, hilaren 24an Euskadiko selekzioarekin jokatzeko aukera izango du. “Haur mailan, eskubaloian jokatzen hasi eta berehala, Gipuzkoako selekzioarekin jokatu nuen. Txapelketa bat jokatu genuen Araba, Bizkaia eta Nafarroako selekzioen aurka. Ondoren, Euskadiko selekzioarekin entrenatzeko deitu zidaten. Hiruzpalau aldiz entrenatu nuen beraiekin, baina ez zidaten Espainiako txapelketa jokatzeko deitu”.
Lehenengo partida izango du, beraz, selekzioarekin. Gainera, Zumarragan jokatuko du. “Sekulako ilusioa egiten dit. Euskal selekzioko entrenatzaileak ostegun goizean deitu zidan. Anaiarekin hitz egin nahi zuela uste nuen, nire anaiak Gipuzkoako selekzioarekin jokatu baitu azkenaldian. Nik Euskadiko selekzioarekin jokatzea nahi zuela esan zidanean, sekulako sorpresa izan zen. Zumarragan, gainera! Familia, kuadrilla, Urolako jendea… partida ikustera joango dira eta oso pozgarria da”.
Anaia
Anaiak Oier du izena, 17 urte ditu eta Urolaren gazte mailako taldean jokatzen du. Oraindik ez dute elkarrekin jokatu. “Aurten elkarrekin entrenatu dugu eta datorren urtean elkarrekin jokatzea espero dut. Sekulako gogoa dut. Gainera, biok albokoak gara: nik eskuinaldean jokatzen dut eta berak ezkerraldean”.
Etorkizunera begira, ez du helburu zehatzik. “Taldean sekulako giroa dugu. Bilbon ikasten dut eta bertan bizi naiz. Marketin gradua egiten ari naiz. Datorren ikasturtean amaituko dut. Ostiraletako entrenamenduetan ez dut kale egiten, baina astearte eta asteazken askotan ere etorri naiz: herrira itzuli eta hurrengo egunean 5.30ean jaiki Bilbora joateko. Eskubaloiak deskonektatzeko balio dit. Hori dela eta, Urolan jarraitu nahi dut. Gainera, sekulako giroa dugu. Oraindik 21 urte ditut eta hobetzen jarraitu nahi dut. Ez diot etorkizunean beste talde batean jokatzeari uko egiten, esperientzia berriak bizitzea oso aberasgarria baita”.