Zumarragako pilotariak herriarteko pala txapelketan parte hartzen ari dira. Igandean final laurdenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte Astigarragan. Pilota jaialdia 11.00etan hasiko da. Zumarragarrek finalerdietara pasatzeko aukerak dituzte.

Joaneko partidak joan zen ostiralean jokatu ziren, Zumarragan. Zumarragarrek 1 eta 2 galdu zuten, baina Astigarragako pilotariek bi tantoko aldea lortu zuten bakarrik. Zumarragako pilotariek bi partida irabazi behar dituzte eta bi tanto baino gehiagoko aldea, finalerdietara pasatzeko.

Hasteko, Mikel Rodriguez zumarragarrak eta Luluaga astigartarrak kantxa osoan jokatu zuten. Zumarragarrak 20 eta 9 irabazi zuen. Bigarren partidan, Mikel Egiburu eta Alberto Garcia de Albeniz zumarragarrek, Txoperena eta Zubiarrainen aurka jokatu zuten. Astigartarrak nagusitu ziren, 9 eta 20. Azken partidan, Josu Viana zumarragarrak Urdangarinen aurka jokatu zuen, zazpiaren barruan. Astigartarrak 18 eta 20 irabazi zuen. Igandean gakoa hirugarren partida horretan egongo dela dirudi. Vianak irabazi beharra du, Rodriguezek ahalik eta alde handiena lortu beharra du eta Egiburu eta Martinez de Albeniz ahalik eta tanto gehien egiten saiatu behar dira.