Auto historikoak ikusteko aukera izango da asteburu honetan Zumarragan. Lasarteko zirkuituaren mendeurrena ospatzeko auto historikoen rallya antolatu dute eta parte-hartzaileek Zumarragan geldialdia egingo dute bihar eguerdian.

Rallyan 1936 baino lehen fabrikatutako 43 autok eta 9 motok parte hartuko dute. Bihar eta etzi egingo dute. Biharko geldialdietako bat Zumarragan izango da: 12.30etik 15.00etara Euskadi plazan, auto eta moto guztiak ikusgai egongo dira. Plaza hesituta egongo da, autoak oso baliotsuak baitira eta ezin baitira ukitu.

Atzo aurkezpena egin zuten Zumarragan. Ekitaldian, Xabier Artzamendi RACVNeko kirol zuzendariak, Mikel Serrano alkateak eta Joseba Angulo Kirol teknikariak parte hartu zuten.

Artzamendik Lasarteko Sari Nagusia egungo Formula 1aren baliokidea zela aipatu zuen. “Estatuko lehen Sari Nagusia Madrilen egin zen, 1911n. Hurrengoak Lasarten egin ziren. Lasarteko Sari Nagusiak sekulako bultzada eman zien turismoari eta industriari. Automozioa bultzatu zuen”.

Lasarteko Sari Nagusia historiara pasa zen. Hala, auto historikoen jabeek, rallyaren berri izan laster, parte hartzeko asmoa azaldu zuten. “Denek etorri nahi zuten. Lasarteko Sari Nagusira adituen artean oso ezaguna delako eta auto historikoentzako rally gutxi egiten direlako. Izan ere, auto horiek sekulako balioa dute eta ardura handia da halako proba bat antolatzea”.

Auto zaharrena 1 zenbakia eramango duen Hispano Suiza Alfonso XIII autoa da. 1911koa da. 2 zenbakia eramango duen Bugatti T35 autoak, berriz, Lasarteko Sari Nagusian parte hartu zuen. Sari Nagusiaren lehen urteetan motorrek ere parte hartu zuten. Hori dela eta, asteburu honetako rallyan motorrak ere izango dira.