Zabarreren eta Maria Labaienen ongietorriarekin emango zaie hasiera 2023ko Mendekoste jaiei ostiral honetan. Urteroko ekimenak eta zenbait berrikuntza jasotzen ditu aurtengo egitarauak.

Ohi bezala, gaur, ostirala, piratari eta sagardogileari kaian harrera egingo diete eta, ondoren, udaletxeko atarira joango dira. Gauean herri afari autogestionatua eta erromeria antolatu dira.

Larunbatean, eskualdeko dultzaineroen dianarekin hasiko da eguna. Goizean ere, haurrentzat pintura tailerra antolatu da, buruhandi eta erraldoien kalejira egongo da herrian zehar. 13.00etan Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako bandaren kontzertua antolatu da, Lezoko Dantzazaleen emanaldiarekin batera.

Arratsaldean haurren pilota txapelketako finalak, dantza, muxikoak… egongo dira herrian zehar. Gauean, zezensuzkoaren ondoren, musika izango da protagonista, Dupla eta Neomak taldeen kontzertuarekin.

Igandean, gazte sortzaileen azoka, herri kirolen erakustaldia, altxorraren bila ekimena eta Oinkari dan- tza taldearen emanaldia izango dira. Gaueko 21.45ean zezensuzkoarekin emango zaie amaiera aurtengo Mendekoste jaiei.

Mendekosteen eta Euskal Jaien egitarauak, ekainaren 10ean izango direnak, etxez etxe banatu zituzten. Lezoko Udaleko webgunean, sare sozialetan eta APPan ere informazio guztia dago eskuragarri.

Udaletik jaiak arduraz eta errespetuz bizitzeko eta gozatzeko eskatu dute, parekidetasunaren alde eginez.

Herrian, beraz, ez da onartuko jarrera sexistarik eta jaien egitarauarekin batera, eraso sexisten aurrean laguntza eskatzeko telefono zenbakia eta jarraitu beharreko gomendioen inguruko informazioa jaso dute lezoarrek.