Areto-futbola, tenisa, saskibaloia, futbola, errugbia, atletismoa, boloak, ipar martxa, kirol egokitua, boleibola, mendiko atala, zikloturistak eta krosa dira Ostadarreko gaur egungo atalak eta astebururo 991 dira kluba ordezkatzen duten kirolariak. Hau horrela izanik, zenbaezinak dira urte hauetan guztietan klubetik pasa diren herritarrak.

Urteurrenaren harira, ospakizunak maiatzaren 18an hasi ziren eta ekainaren 3an amaituko dira. Egitarauak hiru mugarri nagusi izango ditu: hitzaldiak, argazki erakusketa eta denboraldi amaierako festa.

Hitzaldi zikloak hiru hitzordu jasotzen ditu: Kirol inklusiboa eta egokitua, joan den ostegunean burututakoa; Ostadarretik pasa diren kirolari nabarmenenak, ostegun honetan egingo dena; eta, azkena, Emakumea eta kirola, ekainaren 1ean programatu dutena. Hitzaldi guztiak 19.00etan hasiko dira. Lehenengo biak kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dira, eta azkena, Merceroko hitzaldi aretoan izango da.

Hitzaldiek bat egingo dute 40. urteurreneko argazki erakusketarekin. Hau ere Mercero gunean izango da ikusgai maiatzaren 26tik ekainaren 2ra arte, 18.00etatik 20.00etara. “Azken hilabeteotan dokumentazio lan handia egin da eta Ostadarrek bere 40 urteko ibilbidean izan dituen momenturik azpimarragarrienak gogoratzeko aukera emango du erakusketak: sorrera, kirol-lorpenak, baina batez ere, Ostadarreko kamiseta defendatu duten herritarrak, aspaldikoak eta gaur egungoak”, adierazi dute klubeko arduradunek.

Ospakizuna ekainaren 3ko denboraldi amaierako festarekin amaituko da. Aurten, Michelingo frontoian izango da, 11.00etatik aurrera. Urtero bezala, Auzolan eta Kirolari onenaren sariak banatuko dituzte, eta, ondoren, sekzio ezberdinetako kirolari jatorrenek oroigarri bana jasoko du.

Aurtengoa, ordea, berezia izango da, ospakizunaren harira kirolari guztiekin argazki erraldoia aterako baitute. “Festa, ezin zuen bestela, Beltzak errugbi taldeak prestatuko duen hirugarren denborarekin amaituko da”, adierazi dute.

Oroigarria gisa, giltzatako bereziak atera dituzte: 40. urteurreneko giltzatakoak. Oroigarria ekainaren 3ko festan erosteko aukera izango da, bi euroren truke. Aurrez ere, Geltoki kaleko bulegoan erosteko aukera dago.