Mondrako Gazte mailako taldea Ohorezko Ligari eusteko borrokan ari da, eta duela bi aste egin moduan, asteburu honetarako ere deialdi berezia egin die klubak zaleei bihar Mojategira joan daitezen taldea animatzera. Mondrak aurkari zuzena den Elgoibar hartuko 18:30ean hasiko den partidan.

Arrasatearrek haien esku dute mailari eustea, baina horretarako etxeko lanak egin behar dituzte datozen asteetan. "Lehenengo urratsa larunbat honetan eman behar da Mojategin, Elgoibar taldea, mailari eusteko areriorik zuzenena, garaituz. Horretarako, zalegoaren indarra beharrezkoa izango da berriro ere, baina oraingo honetan erabakiorra izango da norgehiagoka, irabazleak mailari eusteko aukerak biderkatuko baititu", narbamendu dute klubetik.

Orain dela bi aste egindako deialdiari zaleek “erantzun paregabea” eman zioten. "Mojategira zale asko eta asko gerturatu ziren lehenengo taldea eta Ohorezko jubenila animatzera, izugarrizko giro polita jarriz futbol zelaiko harmailetan", azaldu dute klubetik. "Horrek liderraren kontra 1-0eko garaipena lortzeko bultzada eman zion taldeari eta azken asteburu honetan Aloña Mendiri gailendu zitzaion taldea 1-4 ko emaitzarekin", gaineratu dute.

Hori dela eta, Mojategi "futbol apalaren jai handi bat" bihurtu nahi du klubak. "Arratsaldeko lehenengo partida, Ohorezko Erregional mailako taldearen esfortzua aitortzeko baliatu behar dugu eta bigarrena, gazteei azken bultzada eta hauspoa emateko. Beraz, zapatu honetan, denok Mojategira!”, diote klubetik.